Go to Top

Gabrielen LEKUA CD-liburua aurkeztu dugu

Gabrielen Lekua ikuskizunaren ostean, Gabriel Aresti kultura elkartea haren goiburu bereko disko-liburua aurkeztera dator, Erroa argitaletxeak argitara atera duen liburuaren bidez. Durangoko Azokan salgai izango da liburua, Zenbat Gararen erakustokian (Goienkale 31-32).

Disko-liburu honek izen bereko sentikaria dauka iturburu, baina ez da gauza bera, inondik ere. Nolabait esan, haren ondorioa eta oihartzuna dela esan genezake, eta sentikaria ikusi duenarentzat, haren osagarria eta oroigarria ere bai, agian. Hemen aurkituko dugu sentikarian esku hartu duten eta hartu ez duten egileen testuak, hurrenez hurren, Amaia Lasa, Andoni Egaña, Hedoi Etxarte, Luigi Anselmi, Oier Guillan, eta Paddy Rekalderenak. Alain Urrutiak sortu eta moldatutako irudiek ilustratzen dituzte orrialdeok, eta diskoan Rafa Ruedaren abestiak, Guillanen deklamazioak eta Andoni Egaña eta Arkaitz Estiballesen bertsoak kausituko ditugu, besteak beste.

azala-gabrielen-lekuaBerriro esan, sentikaria eta disko liburua ez dira gauza bera. Hura herriz herri eskainia izateko pentsatua dago, zuzeneko emanaldien bidez Gabrielen obraren gaineko berrikusketa eguneratua ahalik eta lagun gehienengana eraman nahian, eta honako hau, aldiz, disko eta liburu formatoetan datorkigu, nonahi eta noiznahi patxadaz entzuna eta irakurria izateko moduan. Bata iragankorra dugu, eta bestea, ordea, iraunkorra. Euskal herrien geografia agortu ondoren, sentikariak noizbait bere jarduna bukatutzat joko du eta zuzeneko emanaldiak eskaintzeari utziko dio. Disko liburuak, berriz, denboran iraungo du, bere entzule eta irakurleek hala nahi duteneino.

Edukietan ere ez dira berdinak, nahiz eta honek badituen hartatik zati batzuk. Diskoan Rafa Ruedak musikatu dituen zazpi olerkiez gain, Andoni Egañak prestaturiko bi bertso sortak —Aresti eta Basarri eta Beldurra gosari izenekoak— eta, orobat, Gabrielek berak sorturiko Iparragirreren doinuan bertso sorta ere entzun daitezke, azken hau ere Andoni Egañaren ahotsean. Ahaztu gabe Oier Guillanek diskoaren hasiera-amaieretan maisukiro deklamatzen dituela Gabrielen bi olerki ezagun.

(Argazkian, Xabier Monasterio Zenbat Garako kide eta editorearekin batera, Paddy Rekalde, Rafa Rueda eta Amaia Lasa).

,

One Response to "Gabrielen LEKUA CD-liburua aurkeztu dugu"

  • marian
    2013/12/10 - 13:07 Reply

    Durango pasata, non eros daiteke disko-liburua? Liburu dendetan salgai izango duzue? zein da prezioa?
    Mila esekr!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude