Go to Top

Azaroaren 30eko grebari babesa euskalgintzatik

Azaroaren 30ean grebarekin bat egiteko 11 arrazoi eman ditu greba deitu duen Denon Bizitzak Erdigunean plataformak. Bada, Bilboko euskalgintzatik eta Zenbat Gara elkartetik deialdirako beherago aipatzen diren 11 puntu horiei babesa ematen diegu, eta horrez gain, gainerako puntu hauek ere nabarmentzen ditugu:

  • Euskalgintzatik ere dei egiten da zaintzaren alde abiatu den borroka-ziklo honen parte izatera: eskubide guztien aldeko borrokek elikatzen baitute euskalgintza, eta euskalgintzak borroka horiek guztiak elikatzen baititu.
  • Feminismoak aspaldi ulertu zuen hori, eta zaintza eskubide kolektiboaren alde garatu den Herri Akordioak ere euskararen aldeko aldarriak jasotzen ditu.
  • Herri Akordioak norbere hizkuntzan zaindua izatea bideratzeko eta zaintza sektoreko langileei euskararako irisbide egokia eta doakoa emateko aldarrikapena jasotzen du.
  • Abiatu den prozesua Euskal Herri duinago baten aldeko beste apostu bat da finean, eta euskaraz egiten ari garenean ere, justizia egiten ari gara.
  • Euskaraz bizitzeko eskubidea euskal herritar orok bermatua izan beharreko eskubidea da.
  • Greba hau Euskal Herri mailan antolatu da, eta lurralde guztiak batzen dituen gakoa Euskara da.

Gauzak horrela, bat egiten dugu deialdiarekin eta babestu egingo ditugu azaroaren 30eko mobilizazioak.

11 ARRAZOI A30ean GREBARA JOATEKO

1. Zaintza denon kontua da: bizitzako une batzuetan zaintza intentsoagoak behar izaten ditugu, baina pertsona guztiok behar dugu zainduak izan egunero. Horregatik, zaintza oinarrizko eskubide bat da, eta unibertsala izan behar da, hau da, denok izan behar dugu bermatuta, edozein dela norbere familia sarea eta ahalmen ekonomikoa.

2. Zaintzea ezin da izan “nor bere kabuz molda dadila”. Ez dago azpiegitura eta zerbitzu publiko nahikorik zaintza beharrei erantzuteko, eta horrek dakar zaintzea arazo bihurtzea, eta bakoitzak ahal duen moduan konpontzea. Erakunde publikoek kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatu behar dituzte, hurbilekoak, eta pertsonen beharrak eta nahiak lehenesten dituztela.

3. Zaintza ezin da negozio izan; gure bizitzak ezin dira enpresa multinazionalen, putre funtsen eta irabazi asmoa duten entitateen esku egon. Zaintza zerbitzuen lehiaketa publikoek enkante itxura dute: zerbitzua merkeen emango duen enpresak irabazten du, ez zerbitzu onena emango duenak. Zaintza zerbitzuek publikoak izan behar dute; instituzioek sektorea pribatizatzeari utzi behar diote, eta berriro publifikatzen hasi.

4. Zaintza ezin da oinarritu “familiako emakumeek zaintzean”. Gizonek zaintzeko ardura beren gain hartzen ez dutenean, zaintza horiek emakumeen bizitzen eta bizkarren gain geratzen dira. Zaintza lanak modu bidezko eta arduratsuan banatu behar ditugu, gizonen eta emakumeen artean.

5. Adineko emakume askok bizitza osoan zaindu dute, eta gainkarga horren ondorioz, nekatuta eta pobretuta iritsi dira zahartzarora. Lan hori sozialki eta ekonomikoki aitortua izatea nahi dugu, eta horregatik exijitzen dugu pentsio eta bizi baldintza duinak izatea.

6. Zaintza lanen zati garrantzitsu bat etxeko langile egoiliarrek egiten dute; gehienak emakume migratuak eta arrazializatuak dira, eta egunean 24 orduz eta astean 7 egunez lan egiten dute. Haien lana ere ez dago aitortuta, ez ekonomikoki, ez sozialki. Premiazkoa da bidegabekeria hori amaitzea: atzerritarren legea indargabetzea, zaintzako langile guztiak erregularizatzea, egoiliarren erregimena desagerraraztea eta haien eskubide guztiak aitortzea.

7. Zaintzaile askok, prozesu honetan parte hartze handia izaten ari diren arren, ezin izango dute lanuzterik egin azaroaren 30ean, greba eskubidea urratzen zaielako, gutxieneko zerbitzu abusuzkoekin lan egiten dutelako edo zaintzen dituzten pertsonak zaintzeari utzi ezin diotelako. Denok ez dugu grebarako eskubidea aitortuta, eta hori ere salatu nahi dugu greba honetan.

8. Kalitatezko zaintzak lan baldintza duinak eskatzen ditu. Zaintzaren lan sektorea funtsezkotzat eta zentraltzat jo behar da, eta zerbitzu eta azpiegitura publiko gehiago behar ditu, langile gehiago, soldata hobeak eta pertsonei arreta emateko denbora gehiago.

9. Guztiok zaindu ahal izateko, lan mundua berrantolatu behar dugu: lanaldia murriztu soldatak jaitsi gabe, zaintza baimenak luzatu… Hau da, kontziliatzeak ezin du eragin soldataren parte bati uko egitea.

10. Gure hiriak, herriak eta auzoak gero eta inpertsonalagoak dira: ez ditugu gure auzokideak ezagutzen. Inguruarekiko lotura, zaintza sareak eta komunitate zentzua berreskuratu nahi ditugu, eta espazioak bizigarriago egin.

11. Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, zaintzek biziaren dimentsio asko biltzen dituzte: elikadura, etxebizitza, harremanak izateko moduak, osasun mentala eta emozionala… Greba hau aukera bat da gai horiei guztiei buruz hausnartzeko, eta elkartzeko, zaintza sistema publiko-komunitario bat irudikatzen jarraitzeko eta harantz aurrera egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude