Ibilbidearen azalpena
Ibilbide interesgarri honek Bilbo sortu zen garaira eramango gaitu historiaren eskutik, hiri honen jaiotzaren eta geroztiko bilakaeraren berri emateko asmoz. Geldialdian-geldialdian, Erdi Aroan hiriaren ezaugarriak zedarriztatu zituzten mugarriak ikusiko ditugu: ibaia eta itsasadarra, San Anton eliza eta haren aurreko plaza zaharra, hasierako portua eta hari datxekion merkatua, hasierako hiru kaleak eta geroko Zazpikaleak, hiribilduaren ateak eta harresiak, eta abar. Hau da, Bilboko kale zaharrenetan barrena ibiliz eta haien historia gogoratuz, antzinako hiriaren bihotzaren taupadez jabetuko gara eta, horretara, hobeto ulertuko ditugu geroko hazkundeen zergatiak.