Go to Top

Kafe Antzokia

  • Kafe Antzokia gauean
  • Kafe Antzokiko kontzertua
  • Ekitaldia Kafe Antzokian
  • Bazkaria Kafe Antzokian

Kafe Antzokia

Euskaldunen bilgune, euskal kulturaren plaza eta
beste kulturen agertoki izateko sortu zen kulturgunea

kafe-antzokiaBilboko eta Ondarroako Kafe Antzokiak euskaldunontzako topagune eta erreferentzia guneak izateko sortu dira: euskaraz bizitzako esparru guztietan bizi nahi dugunon topagunea, euskararen mundura hurbildu nahi dutenentzako erreferentzia. Une honetan Bilbon eta Ondarroan daude Kafe Antzokiak: Bilbokoa 1995eko abenduan zabaldu zen eta Ondarroakoa 2001eko apirilean.

Zenbat Gara elkarteak bultzatutako kulturguneak dira Kafe Antzokiak eta horregatik Zenbat Garak antolatutako ekimen asko (denak ez) Kafe Antzokian bertan gauzatzen dira. Euskalgintzaren bilgune eta erakustokia ere bada Kafe Antzokia, betiere mundura eta beste kulturetara zabalik. Horregatik, Zenbat Gararenak ezezik, euskararen inguruko hainbat ekimenen plaza eta bozgorailua izan ohi da Kafe Antzokia: jaialdiak, antzezpenak, prentsaurrekoak, aurkezpenak eta bestelako ekitaldiak berton egiten dira sarri, euskalgintzako eragileen eskutik.

kontzertuaGure kulturako emankizunek toki berezia hartzen badute ere, Kafe Antzokiaren eskaintza ez da euskal ekoizpenetara mugatzen, eta, haiekin batera, mundu zabaleko herri, jende, kultura, sentsibilitate eta estiloak ere ikus eta entzun daitezke Kafe Antzokian. Izan ere, nongoak eta nor garen jakinik, munduko herri guztiei irekiak gaude, ikusteko eta ikasteko prest, beti ere berdintasunezko harremanetan, bakoitza bere nortasunetik abiaturik eta bestearekiko begirune osoa erakutsiz. Hori baita unibertsala izateko zinezko modu bakarra: norbera izanik, bestea onartzea, elkar osatzeko.

Jarduera ugari
antzerkiaKontzertuak dira gurean egiten diren jarduerarik entzutetsuenak, izan ere, urtero ehunka kontzertu antolatzen dira berton. Baina horiez gain, era guztietako ekitaldiak izan ohi dira: hitzaldiak, bertso saioak, antzerki emanaldiak, diapositiba emanaldiak, haurrentzako ikuskizunak, laburmetraiak, aurkezpen-prentsaurrekoak, kantagintza eta dantza saioak, tailer eta mintegiak…

Ekoizpen horren guztiaren erakusgarri dira 2003. urteko balantzearen zifrak: orotara 392 kultura ekitaldi izan ziren 2003an Bilboko (294) eta Ondarroako (98) Kafe Antzokietan, aurreko urtean baino %11 gehiago.

Horiez gain, ostalaritza zerbitzuak eskaintzen dira Kafe Antzokian: jatetxea (Bilbon astelehenetik larunbatera eguneko menuak) eta ekitaldi berezietarako catering-a. Gainera, asteburuetan gau giroko erreferentzia ezagunak dira Kafe Antzokiak, musika aukera zabala eta giro jatorra eskaintzen dutelako.

 

Datuak


1995ean sortua

Edukiera:
695 ikusle

Jantokia:
250 lagun


300 bat emanaldi urtean


30.000 bisitari hilean


35 langile

Eskaintza
Era guztietako kultura emanaldiak: kontzertuak, antzerkia, zinea, bertso saioak, hitzaldiak, aurkezpenak, elkartasun jai eta topaketak... • Talde handientzako bazkari eta afariak • Jai eta ospakizun pribatuak • Ezkontzak

Webgunea
Visit Site