Gabriel Arestiren erraietatik loratutako fruituaren lekuko izango gara ibilbide honetan zehar. Arestiren lehen negar malkoz bustitako zapietatik tintaz errematatutako obrara; euskalduntzetik, bere kabuz lortutakoa, euskara batura; familiatik lantegiko zenbakietara eta zenbakietatik letrara. Musika, lana, eskultura eta euskara dira gure oinarri zuongana Gabrielen eta bere obraren zatitxo bat hurbiltzeko…
Gabriel Aresti Segurola (1933-1975) idazle bilbotarraren bizitza eta lana ezagutarazteko bost geraleku duen ibilbide-musikatua dugu. Ibilbidearekiko Zenbat Gara Elkarteak duen helburu nagusia Arestiren sorlekua, haurtzaroa, izan zituen erreferentzia intelektualak, lan aipagarrienak eta Euskaltzaindian izan zuen protagonismoa azpimarratzea da. Beraz, ibilbidean zehar “Q Poema luzea Jurgi Oteiza eskultoreari”, Oskorrik hainbatetan abestutako “Bizkaiko aberatsak” eta haren poema ezagunena “Nire aitaren etxea” errezitatuko ditugu.
(Ikus BERRIAk argitaratutako Arestiren txokoak Bilbon erreportajea).