Hiriek, beste inondik baino areago, beren kokapenetik eta historiatik hartzen dituzte beren ezaugarriak. Bilboren kasuan ezin nabariagoa da hori. Ibaizabal ibaiaren bihurgune batean kokaturik eta bere itsasadarra tarteko izan dela, Bilbo itsasoari lotuta egon da betidanik.
Horixe erakusten digute bere historiaren orrialdeek, antzinako portua San Anton elizaren ondoan egon zen denboratik hasi eta superportua itsasoaren beraren mugetatik harago eraman den garai honetaraino. Izan ere, bitarte luze honetan, Bizkaiko itsasoak baldintzatu eta bideratu ditu bertan sortu eta garatu diren burdingintza, ontzigintza eta merkataritza jarduerak, eta itsaso horrek berorrek moldatu du mendez mende Bilbo hiriaren eta bilbotarren izaera.
Ibilbide honetan, Bilboko itsasadarrari begira jarrita gaudela, antzinako arrantzaleen zamalan astunak eta geroko merkatarien joan-etorri urduriak sumatuko dituzu eta, azken finean, hobeto ulertuko duzu hiri honen bilakaera.