Merezimenduzko ARGIA saria jaso zuen Zenbat Gara elkarteak iragan ostiralean, Usurbilen ospatu zen ekitaldian. Aldizkariak aurreko urtean komunikazioaren hainbat arlotan nabarmendu diren euskal eragileak omendu ohi ditu urtero banatzen dituen gorazarre sari hauekin eta, haien artean, ibilbide osoa nabarmentzen duen merezimenduzkoa dago. Zenbat Gararen izenean Eider Del Cantok eta Aritz Estibezek jaso zuten 2026eko Merezimenduzko ARGIA Saria, eskertuta, eta etorkizunari begira “iragarpen soziolinguistikokez kagarriak” dituen Bilbon Zenbat Garak ARGIA, dudarik gabe “bidelagun” izango duela iritzita. Honela aurkeztu zuten ARGIAkoek saria, Zenbat Garari ematearen arrazoiak horrela azalduz:
“Euskal Herrian asko hausnartu da euskararen inguruan: gure hizkuntza zelan salbatu, horixe dugu paradigma filosofiko nagusi. Baina salbatu aurretik berpiztu eta bizi egin behar da, eta merezimenduzko gure sarituek ondo dakite hori zer den. Duela ia mende erdi ekin zioten euskara salbatzearen lehen pausoari: irakaskuntzari. Handik urte batzuetara konturatu ziren euskara irakastea ez zela nahikoa, praktikatzeko tokiak ere sortu behar zirela, ingurua aldeko ez bazuten, bederen. Orduan ekin zioten ekosistema oso bat sortzeari, euskaraz ikastea, praktikatzea eta gozatzea posible egiteari.
Egun, elkartearen eratzetik hiru hamarkadara, hamaika (zenbakiz, hamar gehi bat) ekimen sortu dituzte euskara irakastetik hasi eta euskaraz gozatzeraino heltzen direnak, ume, gazte eta helduei zuzenduta; aisialdia, umorea, jaia eta beste hamaika (asko) giro sortuta. Eta hori guztia egin behar izan zuten, lehen aipatu dugun moduan, ingurua ez zutelako lagun izan. Hori guztia Bilboren bihotzean egin baitzuten, basamorturik basamortuenean, beraien hitzetan.
Euskarari eta euskal kulturari emandako bultzadak hiriko euskalgintzaren zentro bilakatu du gaurko saritua: urtean 2.000 euskara ikasle pasatzen dira bertatik, eta bertako kultur programazioak asetzen ditu euskaltzaleen gogoak; zer esanik ez euskara hutsean aritzen den hiriko komunikabide bakarraz, elkarte mitiko honen ganbaratik emititzen duen irratiaz”.
Zenbat Gararen izenean saria jaso zuten Eider Del Cantok eta Aritz Estibezek, ARGIAri eskerrak emateaz gain, elkartearen 30 urtetik gorako ibilbideari segida emateko asmoa adierazi zuten: “Orain, transmisioa, etorkizuna dugu ardura nagusi, eta bihar forma emango dion gazte belaunaldi euskaltzalearen eskuetan ikusten dugu proiektua”, esan zuten. Etorkizuna aipatuta, kezkak ere adierazteko aprobetxatu zuten hitza hartzea: “Euskararen egungo egoera ez da batere ona Bilbon, asko dago egiteko eta ahalegin handia eskatuko du egoerari buelta emateak, instituzioetatik hasita. Joerak berdin jarraituz gero, iragarpen soziolinguistikoak oso kezkagarriak dira. Keinu sinboliko eta azalekoen garaia bukatu behar da, eta hizkuntza politika ausartak behar ditugu euskaldunok Bilbon”.
ARGIAk Bilbon gertatzen denari erreparatzen diola eskertu zuten zenbatgarakideek eta elkarteak euskalgintza ere Bilbora begira jarri nahi duela gogoratzeko baliatu zuten aukera: “Gure etorkizuna Donostian, Usurbilen, Lasarten eta Andoainen jokatzen ari gara, baina era berean ari da jokatzen Uribarrin, Errekalden, Santutxun eta Abandon ere, besteak beste”, adierazi zuten.
ARGIAri berriro sariagatik ez ezik, elkartearen arrangurak eta asmoak partekatzeko aukera ere emateagatik eskerrak emateaz gain, Zenbat Gara, Benito Lertxundik behinola planteatu zuen moduan galdera dela gogorarazi zuten: “Bidea elkarrekin urratzeko prest gauden euskaldunon parte hartzeko deia da, eta horretan ARGIA, dudarik gabe, bidelagun izango dugu”.

2026ko Argia Saria jaso duten guztiak batera. ARGAZKIAK: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Utzi erantzuna