Go to Top

Ekainaren 13an Iruñera: autobusa Bilbotik!

Ekainaren 13an Iruñeko kaleak betetzeko martxa jendetsua deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleon Martxa lelopean. Deialdiaren helburua euskararen aldeko arnasa soziala hauspotzea eta hizkuntza-politiketan beharrezkotzat jotzen den jauziari bultzada ematea da.

Ekainaren 13ko mobilizazioa 2024ko abenduan abiatutako ildotik kokatu du Kontseiluak: euskararen egungo larrialdi linguistikotik indarraldira eramateko bidean, Pizkunde berri baten premia gizarteratzea. Hala, joan den abenduaren 27an Bilbon egindako ekitaldian iragarritako hitzorduari jarraipena emango dio Iruñeko deialdiak.

Euskal gizarteko esparru zabal batean partekatutako diagnostikoa da euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuko azken hamarkadetako susperraldia moteltzen ari dela. Horren aurrean, azken urteetan behin eta berriz azpimarratu da hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko beharra, paradigma berri batena. Kontseilua osatzen duten askotariko erakundeen, eta, halaber, Kontseiluak berak eratutako Batuz Aldatu dinamikarekin bat egin duten ia 150 eragile sozialen ustez, argiak dira jauzi horren oinarriak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera normalerako baldintzak sortzea.

Hala ere, euskararen biziberritzea eraldaketa sozialeko prozesu bat da eta, ondorioz, herritarron eta gizartearen inplikazioa ezinbestekoa dela aurrera egiteko. Horregatik, mobilizazioaren bidez gizarte mugimendu zabal baten beharra dugu, euskaltzaletasunaren giharra indartzeko. Ekainaren 13an Iruñea, euskararen eta euskaltzaleen bizi indar horren erakustaldi izatea da mobilizazioaren xedea.

Ekainaren 13an, larunbatarekin, hiru zutabetan antolatuko da Euskaltzaleon Martxaren abiatzea, 17:00etan, eta, hirurak bat egin ostean, Gazteluko Plazan izango da amaiera ekitaldia.

Bilbotik gure parte-hartzea bultzatzeko asmoz, autobusa antolatu du Zenbat Garak egun horretarako. Goizean, 10:30ean abiatuko da Bilbotik autobusa, eta 20:30ean ekingo dio bueltako bidaiari Iruñetik. Lagun bakoitzak 10 euroko diru-ekarpena egin beharko du autobusa ordaintzeko. Izen-ematea eta ordainketaren inguruko xehetasunak lotura honetan aurkituko dituzu.

Goazen Iruñera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude