Go to Top

Hiribil gunea, euskalgintzarako espazio berria Bilbon

Gaur arratsaldean aurkeztu dugu Hiribil gunea izeneko elkargune berria Bilbon, Done Bikendi kaleko 3. zenbakian, Kafe Antzokiaren parean, hain justu. Euskalgintzako hainbat eragiletako ordezkariak bertaratu dira, gunea ikusi eta funtzionamenduaren berri bertatik bertara izateko. Hiribil lanerako eta biltzeko lekua izango da, Bilboko euskalgintzari garatzeko aukera eman nahi dio, eta euskalgintza nazionalaren eragileei Bilbon eta Bilbotik lan egiteko erraztasunak eskaini.

Zenbat Gara elkartearen ekimenez sortu da espazio hau, Bilbon euskalgintza orokorraren erreferente baten falta zegoela-eta, horrek herri ikuspegia duten eragileen lur hartzeko aukerak gutxitzen zituela iritzita. Bilboko erdigunean bertan lanerako tokia izango da, ondo konektatuta, erreferentziazko ingurune politiko, kultural eta sozialetatik gertu.

Hiribil guneak aukera hauek eskainiko ditu: erabilera anitzeko aretoa, bilera gela eta bulegoa, besteak beste. Egunerokoan lan egiteko edo bilerak, formazioak, mintegiak eta antzekoak egiteko lekua izango da, euskalgintzako eta euskarazko jarduna duten eragile sozialei zuzendua. Lanerako ingurunea izateaz gain, euskalgintzako eragileen arteko harremanak sendotu eta Bilborako proiektu berriak sortzea ere badu helburu.

Zenbait eragilek dagoeneko adierazi dute bertan parte hartzeko asmoa, eta datozen asteotan ere beste eragile batzuekin harremanak egingo ditugu Hiribil gunea aurkezteko. Interesa daukan edonork informazio guztia dauka eskuragarri www.hiribil.eus webgunean edo harremanetan jar daiteke harremanak@hiribil.eus helbidera idatzita.

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude