Gure hizkuntzaren historia, eta gure historiaren hizkuntza jasotzen duen Euskara Jendea dokumental sorta bukatuta, datozen egunotan estreinatuko da Euskal Herriko sei hiriburutan. Emanaldi bakoitzean seriea osatzen duten sei ataletako bat proiektatuko da jendaurrean, Maulen (urriak 10), Gasteizen (urriak 11), Iruñean (urriak 17), Baionan (urriak 18), Donostian (urriak 19) eta Bilbon (urriak 25). Gainera, EITBrekin akordioa lortu da seriea azaroan telebistaz hedatzeko eta abenduan Durangoko Azokan erosi ahal izango da DVD pack formatoan.
Gaurkoan, Zenbat Gara eta Ibaizabal-Mendebalde elkarteok elkarlanean egin dugun dokumental sorta hau aurkeztu dugu prentsaren aurrean. Bere garaian aipatu genuenez, Euskara Jendea dokumental sortak, Xamarren izen bereko liburuan oinarriturik, hainbat jakingarri interesgarri eskainiko dizkigu gure giza-komunitatean aurrehistoriatik hona egindako ibilbideaz, eta euskaldunon inguruan historian hedatu diren hainbat aurreiritzi eta xinplekeri deusezteko datuak emango dizkigu. Aurkikuntza bitxiak ez dira falta izan, dokumentalak prestatu bitartean aurkitu zuten Mocconio Veroren hilobi-inskripzioa kasu.
Baina ikus-entzunezko dokumental sorta honek oinarri duen liburuaren dimentsioa gainditzen duen berezko kontaera du, eta historiako hainbat pasarte, irudikatzeaz gain, bizi ahal izango ditugu dramatizazio ikusgarrien bidez, bertan aipatzen diren lekuak eta objektuak ikusteaz gain. DVD sortaz gain, webgunearen bidez eskuratu ahal izango diren material gehigarri ugari argitaratuko dira, ikastetxeetan erabiltzeko unitate didaktikoak kasu.
Aurkezpenaren aipamena El Diario Vascon: Llega la serie documental que aborda la historia y evolución del euskera.
Trailerra ikusia dugunez gero, honatx teaser txiki bat:
2013/10/22 - 10:30
[…] berriak ditu, eta galdera berri horiei erantzun beharko die, orain arte bezalaxe, iraungo badu. Lehengoan aurkeztu genuen estreinaldi-emanaldi sortako azkena izango da hau, ondoren ETBn aireratuko da eta Durangoko Azokan […]