2013 bukatzera doa, eta oso urte berezia izan da, dudarik gabe, Zenbat Gara elkartea osatzen dugun guztiontzat: irailean Gabriel Aresti euskaltegiaren 35. urteurrena ospatu dugu eta abenduan Kafe Antzokiaren hamazortzigarrena abenduan izango da! 18 urte igaro dira jada euskaltzale talde batek euskaldunontzako topaleku hau martxan jarri zuenetik.
Urteurrenez urteurren! Izan ere, Gabriel Aresti idazlearen jaiotzaren 80. urteurrena ere izan da eta. Horregatik, idazlearen figura eta lanaren inguruko Gabriel Aresti Kultura elkartea sortu dugu, eta horrekin batera Gabrielen Lekua sentikaria eta disko-liburua etorri dira. Dena dela, ez da hori argitaratutako liburu bakarra izan: Euskara Jendea dokumental-sorta kaleratu dugu Ibaizabal-Mendebalde elkartearekin batera eta, Erroa argitaletxearen eskutik, ‘Euskara Errazean’ bildumako bi liburu berri kaleratuko ditugu. Honengatik guztiagatik, Durangoko Azokan gure txokoa dugu eta bertan izango gara abenduaren 5etik 8ra (Goienkale 31).
Horrez gain, beti bezala, hilero-hilero agenda oparoa eta gustu askotarikoa prestatzen ahalegindu gara. Abendua oso hil berezia izaten da, ospakizunez betea, eta jakina, gure agendan ere hainbat kultur proposamen eta ospakizun prestatu ditugu.
Hasteko, eta euskaraz eta euskararekin goza dezagun, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskarak 365 egun ekimenarekin bat egingo dugu. Hurrengo egunean, abenduaren 4an, asteazkena, alde batetik, Xabi Paya eta Beñat Vidal bertsolariek, Bertsozale elkartearen eskutik, bertso-saio didaktikoa eskainiko digute: goizeko 11:00etan zein 18:30ean. Bestetik, Erroa argitaletxeko ‘Euskara Errazean’ bildumako bi liburu aurkeztuko dira: Txomin Agirreren ‘Kresala’ eta Sakiren ‘Piztiak eta piztitzarrak’.
Kanta eta dantza
Eguberriak ate joka ditugula, ezin ditugu kanta eta dantza alde batera utzi, beraz, abenduaren 11n, asteazkena, Euskara Ikasleen Kantagunea izango dugu egun osoan zehar, eta egunaren bukaeran, iluntzeko 20:00etan, Urbeltzen Dantza Ganbara dantzatzeko saio irekia. Halaber, abenduaren 17an, 20:00etan, Anje Duhalderekin hilabeteroko zita izango duzu, Lagun Artean Kantari kantu saio irekian.
Halaber, abenduaren 12an eta 13an, IX. Truke Azoka ospatuko dugu Gabriel Aresti euskaltegian: egungo gizarte kontsumistari aurre egiteko, bi urterik behin Gabonen bueltan antolatzen den azoka berezia, gauzak nork bere etxetik ekarrita, hain zuzen ere.
Umeentzako proposamenak ere badaude, nola ez, egun magiko hauetan. Alde batetik, Kurkuluxetan antzerki eskolak, Gabonetako Haur Jaia egingo du abenduaren 17an, asteartea, 17:30etik aurrera. Eta abenduaren 22an 17:00etan, igandea, Olentzeroren etorrera ospatzeko, “Hator hator Olentzero!” jai mundiala ere izango da.
ZINE TXOKOA
Abenduko zine txokoak bi hitzordu ditu hil honetan: abenduaren 10ean, 19:30ean, Buzzes from Tolosaldea eta Debekatua (Forbidden) dokumentalak izango dira ikusgai eta 18an 18:30ean, aldiz, “Euskara Jendea” dokumental-sortako kapitulu bat.
EUSKALTEGIKO JAIA
Abenduaren 16an Kafe Antzokiaren XVIII. urteurren jaia izango dugu eta, abenduaren 20an, ostirala, oporrak hartu baino lehenago, hiruhilekoaren bukaerako jaia ospatuko dute Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleek. 21ean, berriz, San Tomas eguna medio, Kafe Antzokia zabalik izango da eta giro ezin hobea aurkituko du bertara hurbiltzen den orok.
KONTZERTUAK
Kontzertuei dagokienez, abendua benetan hilabete indartsua da. Abenduaren 3an bertan, asteartean, lau talde izango ditugu 21:00etan: Angelus + Apatrida + Havok + Savage Messiah. 5ean, osteguna, ‘La Fama cuesta deluxe’ antzerkia izango dugu 22:00etan, umorez betetako cabaret estiloko antzerki musikatua eta 01:00etan, NYeko Ron Morelli eta Madteo DJek doinu elektronikoz beteko dute antzokiko goiko solairua Paraleloan klubaren 9. saioan, hain zuzen ere.
Ostirala 6, ekimenez betea dator: hasteko, Los Coronas Madrilgo taldearen kontzertua 22:00etan eta 01:00etan, berriz, Stereorocksen barruan: Razzmatazzeko Amable DJ + Optigan 1 + Les Alborregach. Larunbata 7ri dagokionez, 22:00etan, Rock’n’roll eta soul doinuak trebezia handiz menperatzen dituen Nikki Hill izango dugu, lehen aldiz Euskal Herrian eta gure artean. Igandeak 8, aldiz, 20:00etan, Willis Drummond euskaldunen eta Danimarkako Total Heels-en txanda izango da.
Abenduaren 12a, osteguna, ere topera dugu: urtero legez gabonen bueltan bisitatu ohi gaituen New York Ska Jazz Ensemblek joko du 21:30ean euren ska doinu azkarrekin antzokia betez. Gaua alaitzen jarraitu nahi duenarentzat, 01:00etan Jai & Alai Drum & Bass Kluba izango da goiko aretoan. 14an, larunbata, 22:00etan, urteroko zita mantenduz, eta XVIII. Kafe Antzokiaren urteurrena ospatzeko eta “Azukre koxkorrak” bere azken diskoa aurkezteko, Ruper Ordorika hurbilduko zaigu kontzertu berezia eskaintzera.
Abenduaren 18an, asteazkena, 21:00etan, Dregen gitarra jotzaile eta kantaria, Backyard Babies taldeko burua, rock bizi eta ikusgarriz osatutako proiektu berria aurkeztera etorriko da. 19an, osteguna, 21:30ean, Zuzen-zuzenean atalaren baitan, Cobra eta Dawn of the Maya talde euskaldunen rock indartsu eta bizia ikusteko parada izango dugu. 21ean, larunbata, Fuel Fandagok euren bigarren diskoa ‘Trece lunas’ aurkeztuko du gaueko 22:00etan eta 26an, osteguna, Zea Maysekoak izango dira, 21:30ean, haien ‘Da’ diskoa aurkezten. Euskal taldeekin jarraituz, 27an, ostirala, 22:00etan Bilboko We are Standard eta talde gonbidatua izango ditugu ikusgai, eta 28, larunbata 22:00etan, aldiz, Mikel Urdangarinen txanda izango da. 29an, igandea, Quique Gonzalez izango dugu, Rolling Stone sarietan 2013ko diskorik onena irabazi duen artista. Bukatzeko, Gabon Zahar Jaia, Zuzen-zuzenean atalaren baitan hau ere, Belako, Les Alsborregach eta Penny Lanekin, urtea behar bezala amaitzeko!
Utzi erantzuna