Go to Top

Asisko Urmenetaren “Sorgina, banaiz!” filmaren estreinaldia Bilbon abenduaren 2an

Datorren asteartean, abenduaren 2an, arratsaldeko 19:00etan, Asisko Urmeneta marrazkilari eta zuzendariaren lan berria aurkeztuko dugu Bilboko Kafe Antzokian: Sorgina, banaiz! dokumentala. Zenbat Gara elkarteak ekoizpenean lagundu duen ikus-entzunezko honek begirada kritiko eta berritzailea eskaintzen du Euskal Herriak historian pairatu dituen sorgin-ehizen inguruan, baita sorginaren mistifikazio zahar eta modernoez ere. Filma ikusi aurretik eta ostean Asiskorekin solastatzeko aukera izango dugu.

500 urteko gezurraren aurka

Duela bost mende, 1525eko ekainaren 19an, Errege Kontseiluak Nafarroako Pirinioetan “sekta sataniko” bateko bost kide exekutatzeko agindua eman zuen. Epai hura izan zen euskal sorginkeriaren aurkako jazarpen gupidagabearen abiapuntua. Mendeetan zehar, inkisidoreek eta legelariek asmatutako kontakizun bakarra gailendu da: akelarreetan deabruarekin elkartzen ziren sorgin hegalarien mitoa.

Asiskok zuzendutako lan honek, ordea, narrazio hori irauli nahi du. “Zuzendari hasitako marrazkilari baten oharrak” jarraituz, filmak ez du fikzio erromantikorik edo fantastikorik bilatzen; aitzitik, bidegabekeria hura pairatu zuten errugabeei “izen-abizenak jartzea eta duintasuna itzultzea” du helburu. Izan ere, Sorgina, banaiz! ez da pelikula soil bat; “deseraikitze-bidaia kolektibo” bat da. Filmean zehar, mito inkisitorialak nola eraiki ziren eta gaur egun irudi horiek nola erreproduzitzen edo deseraikitzen ari diren aztertzen da. Horretarako, Euskal Herriko hainbat txokotan (Zugarramurdi, Anotzibar, Senpere…) filmatu da, eta nazioarteko zein bertako adituen testigantzak jaso dira, besteak beste, Michelle Zancarini-Fournel (Lyongo Unibertsitatea), Amaia Nausia historialaria (NUP) eta Sophie Houdard (Sorbonako Unibertsitatea).

Filma autore-dokumental gisa definitzen da, eta Asiskoren marrazkiek pisu handia dute bertan, “cutout” animazioak eta efektu bisualak erabiliz kontakizuna josteko. Emanaldia aukera paregabea izango da egia historikoa aldarrikatzeko eta gure arbasoek pairatu zuten sarraskiari buruzko “kontakizun berri eta zintzoago” bat jasotzeko.

 

Zein irudi daukagu sorginaz, haur ipuinetatik hasi, eta gure herrietako ospakizunetaraino? Bidaian abiatu gara eraikuntza zirraragarri hori
argitzeko asmoz, zeinak uztartzen baititu mitologia eta erreal historikoa, jakinduria eta errebindikazioa.

GURE MENDIETAN DANTZAN ORAINDIK BIZIRIK DAUDEN SUAK
ZEINEK PIZTU ZITUEN?
SINETSI EGIN DUGU INKISIDOREEN KONTAKIZUNA?
ALA BIHOTZAK ERRATEN DIGU GURE ARBASOAK ZUZEN ZIRELA
AZKEN ARNASA ARTE ZIOTELARIK EZ ZEKITELA SORGINA IZATEA
ZER ZEN ETA AKELARREAK ZER ZIREN ERE?

BIDEZKO KAUSA BAT
Orain dela bost urte, “Sugarren mende” eleberri grafikoa argitaratu zuen Asiskok, Zugarramurdin geroago gertatutako sorgin-ehiza kasuaz, Logroñoko 1610eko Auto de fe delakoaren bidez hainbat herritarren torturak eta exekuzio publikoak ekarri zituena.  Zugarramurdiko herritarrek eskatuta egin zuen ikerketa eta benetan gertatutakoak jaso zituen liburua. Mundu guztian da ezaguna Zugarramurdiko kasua, herria sorgin-ehizak lazki sarraskitu zuela eta.

Asiskoren esanetan, “Eskatu zidatenek ez zuten nahi beste fikzio bat, ez istorio erromantikorik, ez fantastikorik, ez faltsifikaziorik ere. Behingoagatik egia konta dezala norbaitek; izan dezagula aukera errugabe haiei izen-abizenak jartzeko eta duintasuna itzultzeko. Michelle Zancarini-Fournel-ek dioen bezala, historia ezin heldu daitekeen tokietara heldu baitaiteke artea. Eta egia da”.

KONTAKIZUN BATEN SORKUNTZA

Zugarramurdiko kasua berriena da, eta prozesu historiko ilun hartan ongien dokumentatu dena. Han, Europako garai hartako ehizaldi handiko ezaugarri guztiak batu ziren: potentzien arteko muga ezegonkorra, errebolta sozialak, zuzenbideen arteko talka, misoginia ikaragarria, adingabeen manipulazio lotsagabea… Eta, bost mendean, kontakizun bakarra onartu da, inkisidore eta legelariena, akelarreetan deabruarekin elkartzen eta han beren krimenak prestatzen zituzten sorgin hegalarien mitoa asmatu zuten horiena.

BERRIKUSITAKO IRUDIA
Mistifikazio zaharrak eta modernoak… Aurreko mendeko 80ko hamarraldian, herri mugimenduak sorginaren irudia berreskuratzen hasi ziren mundu guztian. Euskal Herrian barrena ibili gara, Hernanitik Bidankozera, Ziburutik Ataunera, orduan sortu ziren eta Inkisizioaren eredua irauli
duten jai giroko agerraldi nagusiak filmatzen. Baina… sorgin hegalariak, gaueko suak, edabe afrodisiakoak, deabru adarduna… kontrako eredu bat al dira benetan? Ala orduko makineria haren konstruktu artifiziala berritzen, erreproduzitzen ari gara oharkabean?

REPARATIO MEMORIAE
Munduko aditu gorenekin hizketatu gara, prozesua haren testuinguruan kokatzeko; orobat, tokiko eragileekin ere aritu gara, belaunaldi berriei behin eta berriz transmititzen ari garen sorgin horren irudia berrinterpretatzeaz. Eta irudi hori nola deseraikitzen ari diren filmatu dugu urteko kronika, hiru adibide
aukeran: Zugarramurdi, Anotzibar eta Senpere. Bideak Logroñora eraman gaitu, eta, han, lur eman diegu lurra ukatu zieten horiei: jende errugabea, haren izatearen, haren sufrikarioaren eta haren azkenaren aztarrenik ere gera ez zedin erre baitzuten. Eta pentsatu nahi nuke benetako bidea hemen hasiko dela, memoria historikoa berreskuratzeko proposamen zintzo honetan, bidegabekeria ikaragarri haren biktimekiko kontakizun berri eta zintzoagoa transmitituz.

ASISKO URMENETA OTSOA
Marrazkilaria eta gidoilaria naiz, eta hainbat sari nazional jaso dut egin ditudan albumengatik: Sormenaren lehenengo saria (Marabili, 2017), Euskadi saria (2019) eta Urteko Nafarra (2019). Kanpoan ere saritu izan dizkidate euskara hutsezko komikiak: Kuban (Palma Real, 1991), Korsikan (Prix Mediterranée, 2003) eta Portugalen (Porto, 2023) 2009an, “Munduari bira doan” animazio-film luzea zuzendu nuen, Juanjo Elordirekin batera, eta 2011, harekin batera berriz ere, “Gartxot” zuzendu nuen. Azken lan hori saritu egin zuten nazioartean: Australian (Audience Choice Arward in Auburn International Festival, 2012), Frantzian (Premier prix du Festival International Nuits Magiques, Bordele, 2013) eta Argentinan (Mención Especial del Público Festival ANIMA, Cordoba, 2013). “Sorgina banaiz” lehenengo dokumentala dut, eta hor, kontrabandoan ekarrita, komikietako kontatzeko teknikaren bat edo beste baliatu dut.

FILM HONETAN AGERI DIREN ZENBAIT TESTIGANTZA:

Michelle Zancarini
(Lyongo Claude Bernard Unibertsitatea), “Sorcières et sorcier. Histoire et mythes: lettre aux jeunes féministes” liburuaren egilea.

Amaia Nausia
historialaria
(Nafarroako Unibertsitate Publikoa).

Maitane Aizpurua
“Mitoaldia” ekimeneko kidea (Ataun).

ShopieHoudard
(Sorbonako Unibertsitatea), “Les sciences du Diable” liburuaren egilea

Helena eta Eukene Xurio
Zugarramurdiko kultur eragileak.

Gurutze Ezkurdia
(Euskal Herriko Unibertsitatea). Hezkuntzaren historialaria eta Etnikerreko kidea

Ekoiztetxea: DOKUMENTURAN FILMAK

Euskaraz, mentura hitza postposizioan erabiltzen da gehienetan, menturan, eta zori, zorte, kasualitate erran nahi du. Kontzeptu horiek oso lotuta daude dokumentala den adierazpidearekin. Aukera, itxaropena eta abentura ere bada. Esanahi horiek guztiek hiru ekoizle batu ditu esperantzazko abentura honetan: Aitor Karasatorre Mugurutza (errealizazioa), Eneko Gallartzagoitia Zorrotzua (produkzioa) eta ni neu.

LANTALDE TEKNIKOA

Ikerketa, gidoia, elkarrizketak, zuzendaritza, ilustrazioak
ASISKO
Efektu bisualak eta cutout animazioak
Diseinu grafikoa eta kartela
ASISKO + KARASA
Argazki- eta kamera-zuzendaritza
Edizio- eta muntaketa-zuzendaritza
Zuzeneko soinua eta efektuak
Platoaren argiztapena
KARASA
Produktore eragilea
ENEKO GALLARTZAGOITIA
Musika
JON ESNAOLA

DATU TEKNIKOAK

Kolorean, 2K, 25fps
Filmaketako hizkuntzak
EUSKARA, FRANTSESA,
INGELESA, ESPAINIERA
Herria eta urtea
EUSKAL HERRIA. 2025
Lokalizazioak
LOGROÑO, BAIONA, ZUGARRAMURDI,
ARANTZA, IRUÑEA, PARISE, HERNANI,
BIDANKOZE, ZIBURU, BERGARA,
DONIBANE GARAZI, CHICAGO, AHATSA,
BILBO, OKZITANIAKO TOLOSA,
ETXARRI ARANATZ, HOZTA
Iraupena
69 minutu
Generoa
Autore-dokumentala

Harremanetarako:
ardigasna@gmail.com

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude