Erdalduntze makina gelditzeko Guka ekimenak egindako deiarekin bat eginez, bihar, abenduaren 3an, Bilboko Plaza Eliptikotik 19:00etan abiatuko den manifestazioan parte hartuko du Zenbat Gara elkarteak.
Badira hainbat urte gure elkartean lanean ari garela jendea euskarara hurbilarazteko, irakasteko, erabilarazeko, motibatzeko, gozatzeko eta gozarazteko. Era berean, euskaldunoi, gure buruei eta gainerako euskara jendeei, euskaraz aritzeko aukerak, tresnak, uneak eta guneak sortzen eta indartzen ari garela, baina ez da nahikoa, gure ahaleginen kontra ari den erdalduntze makinaria zabal eta indartsu bat dago abian gure hirian, hainbat arlotan, eta arlo horietan guztietan ezgaitu behar dugu, euskarak aurrera egingo badu. Ez da nahikoa haur gehienak euskaraz eskolatzea, eskolaz kanpo den-dena erdaraz eskaintzen zaien bitartean. Ez da nahikoa euskalduntzea haurren mundura, hankamotz bada ere, mugatzea, administrazioan, enpresa munduan, aisialdian eta beste hainbat giro eta jardueratan euskara erabat baztertuta dagoen bitartean. Adibideak hamaika dira, baina ondorioa bat da: euskaraz bizitzea ezinezkoa bihurtzen du erdalduntze makinak.
Ez da nahikoa, era berean, euskararen eguna modu sinbolikoan ospatu eta “euskararen alde” gaudela esatea. Gizartea euskalduntzeko ahalegin horiek eta euskaraz bizitzeko hautu horiek zapuzten dituen makinaria eta erdararen nagusitasuna betikotzen duen status quo hori irauli nahi dugu, arlo guztietan. Horregatik egingo dugu bat biharko manifestazioarekin. Erdalduntze makina gelditu!



Utzi erantzuna