Datorren asteazkenean, urriak 24, euskalkiak eta oroimena hizpide dituen dokumentala aurkeztuko digute Jokin Etcheverria eta Benjamin Duinat sortzaile lapurtarrek. Bi emanaldi izango ditugu: goizeko 11:00etan ikasleentzako saioa izango dugu. Arratsaldeko 19:30ean, berriz, ikasleentzat ez ezik, publiko orokorrarentzako proiekzioa egingo da eta, ondoren, Beñat Achiary baxenafar artista polifazetikoa eta Urko Menaia gipuzkoar kantaria ere bertan izango dira, nork bere doinuak ekarrita.
J.O.K films ekoizpen etxetik bultzatutako egitasmo hau gauzatzeko hiru familietako ahaide batzuk elkarrizketatuak izan dira eta bakoitzari argazki batekin lotutako oroitzapenak aurkezteko galdegin zaio, hainbat istorio euskalki ezberdinetan aditu nahian. Horrez gain, dokumentalean agertzen den Euskal Herriko Unibertsitateko Iñaki Gaminde hizkuntzalariak gaur egungo euskararen egoeraren inguruko argibideak eman ditu.
Nire argazkia epe luzean kokaturiko ikusentzunezko serie dokumentala da, lortu nahi diren xedeek denbora luzeko lana gauzatzeko galdegiten baitute. Beraz, laster aurkeztuko den lehendabiziko aleak hastapena baizik ez dio emanen egitasmoari.
52 minutuko film dokumental honek urte bat baino gehiagoko lana galdegin du, emaitza sakon, aberasgarri eta dibertigarria eskaini ahal izateko, bertzeak bertze familiekin denbora luzea iragan behar izan baita. “Harritu naiz jendeak zein errex ideki digun etxeko atea. Hala ere, elgarrizketak grabatzeko harremanak pixkanaka sortzen dira, jendeari zor zaion errespetua emanik”, dio Benjamin Duinatek.
2013n ETBn hedatuko da Nire argazkia, baina aurretik dokumentala Bilboko Kafe Antzokian eta, ondoren, beste areto batzuetan aurkeztuko da. “Nire argazkia aurkeztuko dugu eta gure lehen publikoarekiko harreman zuzena izan dezagun, bertan izanen gara gure esperientzia partekatzeko eta hartu-eman beroa sortzeko”, zehaztu du Jokin Etcheverriak.
Utzi erantzuna