Go to Top

Bartzelonan ikasle, Katalunia ezagutzen

Zenbat Gara elkarteko eta Gabriel Aresti euskategiko eraketa, komunikazio eta didaktika arloetako zenbait lankidek hiru eguneko bisita egin dugu Kataluniara, bertako hizkuntza, kultura eta gizarte arloetako ekimen interesgarriak ezagutu, gurean sustatzeko ideia interesgarriak topatu eta gure harreman sarea hedatzeko. Bisita maratonianoa izan da, izan ere, bertan Plataforma Per la Llenguan daukagun Marc Biosca lagunak hitzorduz beteriko egitaraua prestatu digu hiru egunotarako.

Asteazkenean Bioscarekin bazkaldu eta Kataluniako egoeraren hainbat zertzelada eman zizkigun bertan: hizkuntzaren egoera Bartzelonan, auzoetan eta beste probintzietan, Valentziako afera, etorkinak eta hizkuntzarekiko jarrera, Generalitateko gobernu aldaketa, independentismoa… Bisita osoan sarri azaldu diren gaiak dira.

Katalunian ikasle

Arratsaldean Gracia auzora jo genuen, nortasun handiko auzoa, sorkuntza bizi-bizia duena. Bertan, alde batetik Gracia Territori Sonor ekimena ezagutu genuen bertako Victor Nubla, Albert Guitart eta gainerako lankideen eskutik. Musika experimentala jorratzen dute, oso arlo zehatza, baina denak gizarte mugimendu eta elkarteetan dabiltza eta Graciako bizitza sozialaren berri ere eman ziguten, Generalitat-en eta udalaren kultura politikaren kritika zorrotzak egiteaz gain.

Katalunian ikasle

Auzo berean dagoen CAT kultura gunera jo genuen ondoren Alberten eskutik, bertako Jordi eta Quim kudeatzaileekin hitzordua geneukalako. Centre Artesà Tradicionarius musika tradizionalean berezitutako gunea dugu eta bertan antzokia, kafetegia eta entsegu lokalak daude. Urtero jaialdia antolatzen dute eta Euskal Herriarekin harreman handia dute, ikusi ahal izan genuenez: dantza tailerrean besteak beste euskal dantzak egiten dituzte eta ikastaroen artean trikitixa eta txalaparta daude. Gainera, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Euskal Herria Sona jaialdia garai batean bertan egiten zen, EHalCAT izenarekin.

Katalunian ezkerreko alderdi eta sindikatuek sortutako ateneoen tradizio handia dago, XX. mende hasieran fabrika handietako edo lan-esparru zehatzetan sindikatuek antolatutako langile batzordeek horrelako antzoki eta kultura guneak antolatu ohi zituzten katalunian. Gerra ostean frankismoak deuseztu egin zituen eta Franco hil ostean, batzuk auzo elkarteen eskutik berpiztu ziren. Horietakoa dugu CAT, 80ko urteetan udalak bere gain hartu eta zentroak gai zehatzetan berezitzeko proposamena onartu ostean hasi zen CATen ibilbidea elkarte honen eskutik.

Katalunian ikasle

Biharamun goizean katalanezko komunikabideen egoera ezagutu genuen Catalunya Radioko Rita Marzoarekin geratu baikinen gosaltzeko. Irrati publikoaren egoitza bisitatu genuen ondoren berarekin. Datu esanguratsuak eman zizkigun katalanezko prentsaren eta irratigintzaren inguruan, kualitatiboak eta kuantitatiboak. Avui eta, berarekin batera, El Punt beherantz doazen bitartean ARA egunkari berriaren sorkuntza, La Vanguardia egunkariak azkenik katalanezko bertsioa atera izana, Godó talde berak irratia katalanez atera izana… Hizkuntzaren indarraren eta gora-behera politiko eta ekonomikoen adierazleak dira. Irratigintzari dagokionez eta guk geuk egiaztatu ahal izan genuenez, Katalunian kokatuta dauden irratien hiru laurdenek katalanez emititzen dituzte beren emankizunak eta azken hamar urte honetan entzuleen fideltasuna landu eta lortu dute.

Katalunian ikasle

Raval auzoan dagoen Taller de Musics bisitatu genuen ondoren, jazz musika eskolak ematen hasi eta egun estilo askotako musika akademia moduan funtzionatzen duena. Duela 30 urte auzo oso marginala zenean zabaldu zuten eta ordutik delinkuentzia musikarekin ordezkatuz joan dira Lluis Cabrera eta bere lagunak. Kale berean taberna zabaldu zuten, jazz ikasleek jotzeko lekua izan zezaten, gero hainbat pisu eta lonja hartuz eta zabalduz joan zen eskola inguru hurbilean. Beren ibilbidean laguntza handia eman zien Camaron zenak, bertako ijitoek eskola onartu eta lagun zezaten. Bide batez, rumba katalanaren sortzaile diren ijitoen inguruko pasadizuak kontatu zizkigun Cabrerak, katalan hiztunak baitira erabat bertako ijitoak. Egun, Rif-eko amazigh eta ijitoen artean ateratako Rumbamazigh proiektua, fadoak katalanez kantatzen duen emakumea eta beste artista interesgarri asko aurkeztu zizkiguten.

La Campana argitaletxea ezagutzera jo genuen ondoren. Argitaletxe txiki eta independientea da, liburu sorta murritza baina ondo zaindua ateratzen duena. Bisitaren zio nagusia halako argitaletxe batek liburuak aukeratu eta argitara ematerakoan darabiltzan irizpideak ezagutzea zen eta, egia esan, Edicións La Campanaren sortzaile eta zuzendari den Isabel Martí edioreak hainbat informazio jakingarri eta intresgarri eman zizkigun, gurea bezalako argitalpen proiektu bat –Erroa argitaletxea– martxan ipintzerakoan oso kontuan hartzekoak direnak. Horretaz gain, aipatu beharra dago Katalunian egundoko best-seller handia gertatzen ari den Arrels nomades (Sustrai ibiltariak) liburuaren itzulpena egiteko aukera ere ekarri dugu harreman hauetatik. Liburua katalanez idatzi zuen Pius Alibek izeneko idazle arameoak eta bertan, bere haurtzaroko pasadizo samur batzuk kontatzeaz gain, George Bushek-eta petrolioaren usainean Iraken gerra piztu aurretxoan lurralde hartan zegoen giroaren berri ematen digu.

Katalunian ikasle

Arratsaldean Manresara jo genuen, bertako Propaganda Pel Fet disketxea eta Stroika aretoa ezagutzera. Disketxe independientea dugu, mezu, ikuspuntu edo jarrera eraldatzailea duten hainbat rock talde ateratzen dituena (Obrint Pas edo Kop kasu), hemengo hainbat talderen ordezkaritza egiteaz gain. Disketxeari loturik eta lokal berean dago Stroika aretoa, kontzertu areto eta gau giroko dantzaleku moduan funtzionatzen duena. Aretoaren funtzionamenduaren inguruan hainbat jakingarri eman zizkigun bertako Dani Castellanok.

Katalunian ikasle

Ostiral goizean Raval auzoan dagoen Vilaweb atari-egunkariaren egoitza bisitatu genuen, bertako zuzendari Vicent Partalekin hitzordua genuelako. Vilawebek hamar urte daramatza sarean kultura eta politikari buruzko informazioak hedatzen eta urrats motel baina sendoak ematen, enpresa txikia izateari utzi gabe, eta kalitatean zentratuta, teknologiak ematen dituen bide berriak (bideoa, bloc-ak -blogak-, komunitatea) erabiliz. Marzoarekin bezala, komunikabideen esparrua eta katalanaren egoera izan genituen hizpide berarekin. Informazioa aurkezteko eta jasotzeko molde berriak, egunkarien finantziazioa, eta honen inguruan dauden 2.0 ekimen berri interesgarri batzuk izan genituen hizpide Partalekin.

Katalunian ikasle

Musika arlora bueltatuz, Enderrock aldizkaria bisitatu genuen (bertako Entzun-en parekoa), hango Jordi Novell eta Roger Palarekin. Ibilbide oparoa egin dute katalan hutsez guretzako ezezagun xamarra den Kataluniako musika panorama islatzeko. Aldizkari orokorraz gain, hainbat musika bilduma egin dituzte eta, Jazz musikari buruzko JAÇ aldizkaria argitaratzen dute. Gainera, oraintxe ateratzear zeukaten 440 Clàssica, musika klasikoari buruzko aldizkari berria. Ondoren, Hace Color disketxea ezagutu genuen Joni Sahun-en eskutik. Aspaldiko ezagunak ditugu, kontzertu antolatzaileak ere baitira eta gurera hainbat talde ekarri dituzte, Jai Alai Katumbi Express, besteak beste. Bartzelona inguruko mobida musikalaz hainbat gauza interesgarri kontatu zizkigun.

CNL Consorci per a la Normalització Lingüística (hango HABE modukoa) ezagutu genuen ondoren, bertako arduradunen eskutik. Administrazioen antzekotasunez eta diglosia egoeren ezberdintasunez ohartzeko balio izan zigun bisitak, katalan hiztunen kopuruak, gaztelaniarekiko distantzia linguistikoak eta beste faktore garrantzitsu batzuek ezberdintzen dituztelako egoera biak. Nabarmendu behar da katalanaren ikaskuntza erabat doan daukatela eskolak jaso nahi dituztenek, Generalitatek eta udalek finantziatua. Era berean, katalanaren goi mailako agiria –EGAren parekoa den C1 delakoa– emateko orduan, HABEk baino askoz malguago jokatzen dutela jakin genuen, azterketara aurkezten direnen %80k jasotzen baitu titulu hori, gurean EGA gainditzen dutenen kopurua $20 izanik doi-doi.

Katalunian ikasle

Ostiral arratsaldean Vilanova i La Geltrú herrira jo genuen, bertako CUP hautagaitzako kideak ezagutzera. Inongo partidurekin lotura ez dagoen hautagaitza aktiboa dugu, oinarri-oinarritik demokrazia eskuhartzailea eta herrian bertan eragitea aldarrikatzen duen ekimen interesgarria, kalean eta tokian tokiko udaletxeetan zentratuz euren jarduera. Bertako Qim Arrufat zerrendaburuak eman zizkigun hainbat jakingarri: eraikuntzaren sukarrak eragindako txikizioaz, krisiaz, katalanismoaz, alderdikeriez eta integrazioaz aritu ginen gustora berarekin eta hautagaitzako beste lagunekin eta, besteak beste, Vilanovako ijitoen ordezkariarekin.

Bisita laburra eta trinkoa izan da honakoa, herrialde osoa ezin da hiru egunetan ezagutu, noski, baina lagin interesgarriak hartu ditugu beste herrialde baten izaerari eta egoerari buruzkoak eta, seguraski, baliagarriak izango zaizkigu gure jardunerako. Zubi lana egina dago eta sortuko harremanek jarraipena izango dute etorkizunean, dudarik gabe. Moltes gràcies amics catalans, hurrengora arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude