Go to Top

“Etorkizuneko erronkei” begira jaso du Zenbat Garak Ibilbideari Elkar Saria

Poza eta esker ona uztartuta jaso du gaur arratsaldean Zenbat Gara elkarteak Elkar Fundazioak ematen duen Ibilbideari Elkar Saria. Bilboko Kafe Antzokian bertan jaso du saria ekitaldi hunkigarrian, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako hamarkadetako lan oparoa aitortu dio fundazioak Bilboko elkarteari. Zenbat Garari Ibilbideari Elkar Sariaz gain, gaurkoan Proiektuari Elkar Saria ere banatu da. Kultur egitasmo bat martxan jarri, edo aurretik martxan den baten garapenerako laguntza emateko xedea duen sari hau Kanaldude telebistari eman dio fundazioak.

Duela hiru aste iragarri zuen Elkar Fundazioak Ibilbideari Saria Zenbat Gara elkarteari ematea erabaki zuela, elkartea 1994an sortu zenetik hona egindako Ibilbideagatik. “Euskaraz bizitzeko eta euskal kulturan murgiltzeko aukerak” sortzen egindako ahalegina nabarmendu du Elkar fundazioak, eta hori guztia “Bilboko erdigunean, euskal kulturak bere burua erakustea erraza ez duen gune batean, inguruan euskaldun kopuru handia izan arren” egin duela azpimarratu du fundazioak. Bere esanetan, Zenbat Gararen ekarpen hori izan gabe “euskararen egoera eta euskal kulturaren presentzia ez zen berdina izango ez Bilbon ez inguruan. Bilbok bezala, Euskal Herriak nabaritu du Zenbat Gara elkartearen ekarpena”, gehitu dute.

Gabriel Aresti Euskaltegia eta aurten 30 urte beteko dituen Kafe Antzokia bera ez ezik, Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak ere aipatu dituzte Elkar fundaziotik, Zenbat Gararen ekimenak baitira denak.

Esker ona eta etorkizunerako konpromisoa

Saria jasotzean, Zenbat Gara elkartearen izenean, Eider Del Cantok eta Eider Cortezónek esker ona adierazi dute: “Bihotzez estimatzen dugu euskalgintzan horrelako bide luzea egin duen eragile garrantzitsuak gureari erreparatzea eta orain arte egin duguna aintzat hartzea”. Saria “bidean segitzeko indarra” ematen diela gaineratu dute.

Elkartearen ibilbidea errepasatuz, hastapenak ekarri dituzte gogora: “Euskaltegiaz harago, euskalduntzeari Bilbon falta zitzaiona bilatzen hasi ginen Zenbat Garan, euskaraz, modu naturalean harremantzeko aukerak sortu nahian”. Horren lekuko nagusi da Kafe Antzokia, laster, “abenduaren 15ean 30 urte beteko dituena”. Hasierako helburu horiei, beste asmo handiago batzuk gehitu zitzaizkiela azaldu dute: “Bilbon bizi den euskal komunitatea bildu eta trinkotzea, ikasleak eta euskaldun oro hiztun aktiboak eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragileak bihurtzea”.

Gogoan izan dituzte, halaber, hasierako ibilbidean bidelagun izandako lagunak, “baitezpadakoak izan baitziren gure proiektuan ideiak, pertsonak eta baliabideak artikulatzeko”. Era berean, gogoratu dute, “haien eskutik, lantzen genbiltzan euskararen ezagutza eta erabileraz gain,  motibazioa ere formulatzen hasi ginen, ohartuta hizkuntza-kultura-herria banaezinak direla herri izaten jarraituko badugu”.

Ibilbidearen zailtasunak ez dituzte ezkutatu: “guk ere geure gorabeherak izan ditugu”; “lurralde aldapatsuan egotea suertatu zaigu. Bilbo Handian erdara da nagusi eta lanaren ordaina ikustea oso zaila da”. Erronka are handiagoa dela onartu dute, “are gehiago euskalgintzan gabiltzanok nahi genukeena baino gutxiago garenean eta babes instituzionalik apenas daukagunean”.

Hala eta guztiz ere, etorkizunari begira, baikortasuna eta konpromisoa nagusitu dira haien hitzetan: “Bai, ilusioa mantentzen dugu, erronka berriak ditugu, euskara biziberritzeko prozesuak ez du etenik”. Zenbat Garak bere “ekarpen xumea egiten jarraituko dugu, beti kolektibotasunetik, beti tokiko eta nazio mailatik eta elkarlanetik, jarraitutasunaren eta irekiduraren arteko oreka bilatuz, akatsetatik ikasiz, belaunaldi berriei segida emanez, egindako bidea erakutsiz eta etorkizunerako bidea jorratuz”.

Eskerrak emateko tarte zabala ere izan dute, eta hunkituta aipatu dituzte “hamarkadotan bidelagun izan ditugun musikari, idazle, bertsolari, antzerkilari, teknikari, pailazo… kulturgile-sortzaile guztiak, baina baita kolaboratzaile, lankide, esatari, sukaldari, bolondres, irakasle, konpartsakide, entzule, irakurle, ikasle eta adiskide asko ere”. Izan ere, Zenbat Gararen ordezkariek azpimarratu dutenez, “haien, zuen ekarpenari esker ere posible izan da gure ibilbidea. Gaurko sari hau, gure ustez, guztiona da”, gehitu dute zenbatgarakideek.

Hemen duzue ekitaldiaren bideoa, Kanalduderen eskutik:

 

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude