Go to Top

“Dena ez da futbola” film laburraren grabaketa hasi da

Zenbat Gara elkartearen ekimena den Kurkuluxetan elkarteak film labur berri bat ekoitziko du datozen hiletan. Orain dela urtebete, giza balioei buruzko “Keinuka mugaz gaindi – Un guiño, un sueño” euskal-kubatar ekoizpena aurkeztu zuen Euskal Herrian eta baita munduko beste hainbat tokitan ere (Kuba, Belgika, Kolonbia, Venezuela…), eta egundoko arrakasta lortu zuen. Oraingoan Venezuelako Coro herria eta Bizkaiko Igorre lotuko ditu Kurkuluxetan elkarteak.

“Keinuka mugaz gaindi – Un guiño, un sueño” filmaren ostean, Kurkuluxetan elkarteak genero berdintasuna eta adiskidetasunari buruzko film bat grabatzeari ekingo dio. Bertan agertuko diren artistak haurrak izango dira, eta eszenak Euskal Herrian, Arratian hain zuzen, eta Venezuelako Coro herrian grabatuko dira datozen hiletan. Igorreko institutuko eta Arratia futbol taldeko zenbait jokalarik parte hartuko duten bezala, Venezuelako zenbait gaztek ere bere ekarpen artistikoa egingo dute.

Argumentuari dagokionez, bi istorio paralelo joango dira garatzen, baina une zehatz batean bi istorio horiek elkartuko dira, eta amaiera berdintsu batera iritsi, alegia, futbolaren gainetik beste balio batzuk daudela (adiskidetasuna eta berdintasuna), baina era berean, futbolak ere balio horiek goresteko balio dezakeela.

Eszenetan erabiliko diren hizkuntzak euskara eta gaztelera izango dira, hots, euskal haurrek euskara erabiliko dute eta venezuelarrek, aldiz, gaztelera. Bestalde, filmeko hainbat eszena ez ezik, prozedura eta prestakuntza, iradokizunak, probak, entseguak eta abar ere euskaraz egingo dira. Beraz, ekoizpen honek, artistikoa izateaz gain, hizkuntzaren normalizaziorako ere tresna baliagarria izatea du helburu, era ludiko, aktibo eta dibertigarrian hainbat gazte euskaraz biziko direlako.

Filma burutu ahal izateko hainbat kolaborazio lortzen ari da, besteak beste, Venezuelako Kontsula den Yolanda Rojas andrearena. Filmaren estreinaldia uda ostean, urrian hain zuzen, egingo da, Bilboko Kafe Antzokian eta Venezuelako hainbat hiritako zine-jaialditan. Ondoren, beste hainbat herritara zabalduko da. Gainera, ekoizpen artistiko honekin batera unitate didaktiko bat prestatuko da, material osagarri gisa, ikastetxeetan eta kultura etxeetan zabaltzeko.

10 urte baino gehiago haur eta gazteekin lanean

Kurkuluxetan elkartea haur eta gazteen garapenerako arlo artistiko eta hezitzaileak lantzen dituen kultur elkartea da. 10 urte baino gehiago darama lanean: antzerkigintzan Ane Monna, Oskola eta Karramarroi eta Zirtaka antzerki taldeen bidez; dramatizazioa lantzen ikastetxeetan eta antzerki topaketak antolatzen; umeentzako jaialdiak ospatzen; Bilboko jaietan ere ume eta gazteen protagonismoa beti euskaraz aldarrikatzen eta sortzen Zaparrada konpartsaren bidez… Informazio gehiago, www.kurkuluxetan.org webgunean eta bere sare sozialetan.

, , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude