Go to Top

Xamarrek Zaldiko Maldiko elkartearen “Lamien Urrezko Orrazia” saria jaso du

Urtero Iruñeko euskaldunen biltoki den Zaldiko Maldiko elkarteak banatzen duen  Lamien Urrezko Orrazia saria gure lagun eta lankide den Juan Carlos Etxegoien “Xamar” idazle eta irakasleak jaso du, euskararen aldeko lanean nabarmentzeagatik. Elkarteko kide guztien artean erabakita, pertsona edo talde baten lana omentzen du urtero Iruñeko talde euskaltzaleak aipamen honen bidez.

Ostiral arrastian, umore eta giro onean egin zen ekitaldian, Zaldiko Maldiko elkartearen egoitzan ospatu zen sari banaketa. Bazkideen txalo artean jaso zuen Xamarrek orrazia eta diploma, Lamien Urrezko Orrazia sariaren erakusgarri. Kike Diez de Ulzurrun elkarteko kideak argi azaldu zuen saria idazle eta irakasle garraldarrari ematearen zergatia: “Euskararen alde eta euskal kulturaren alde egindako lan zoragarriagatik, euskal kultura eta euskara bera hedatuz, bai Euskal Herrian bai Euskal Herritik kanpo”. Izan ere, euskararen inguruko dibulgazio arloan bereizi eta nabarmendu da Xamar azken hamarkadotan, liburuak eta ikus-entzunezkoak hainbat hizkuntzatan argitaratuta.

“Zoragarria dena gure kultura dela uste dut, eta erakutsi ez diguten kultura hori ezagutaraztea ere zoragarria da”, aipatu zuen Xamarrek saria eskuan. “Egiten dugunak badu arrakasta ttiki bat, gure herriaren mamia saritzen da, hori kontatu eta zabaltzearen nahia. Gure kultura irauli izanak du balioa, hori da inportanteena”. Pamiela eta Zenbat Gara elkartea ere izan zituen gogoan Xamarrek saria jasotzean.

Diez de Ulzurrunek Xamarren ibilbidea gogora ekartzeko beta izan zuen, halaber. Izan ere, garraldarrak hamarkadak daramatza euskararen historiaren inguruko argitalpenak kaleratzen, besteak beste, Pamiela argitaletxearekin 1992an argitaratutako Orhipean: Gure herria ezagutzen lana, gaztelerara, frantsesera, ingelesera eta katalanera ere itzulia izan dena. Xamarren lanik azpimarragarrienetako beste bat Euskara jendea: Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza izan da, Pamielak 2006an argitaratua eta gaztelerara itzulia izan dena. Horrez gain, liburuan oinarritutako Euskara Jendea bideo dokumental sortan gidoilari eta ekoizle lanean ibili da Xamar, eta dokumentalekin batera Euskal Herri osoan izan diren hainbat hitzaldi eta solasalditan hartu du parte.

Zaldiko Maldiko elkartea 1986 urtean hasi zen Lamien Urrezko Orrazia banatzen eta 2007an erabaki zuen Asto Masto saria banatzen hastea, euskararen kontrako jarrerak salatzearren. Aurtengo Asto Masto Saria UGT sindikatuari eman zion elkarteak, euskararen aurka erakutsitako jarreragatik. Sindikatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren lan deialdi bati errekurtsoa jarri zion, bertan euskara jakitea baloratzen zelako. Nafarroako Auzitegi Gorenak azaroan UGTri arrazoia eman eta deialdia bertan behera utzi zuen.

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude