Martxoa indartsua izango da Bilboko Kafe Antzokian, Aste Santua dela eta, praktikan hiru asteko hilabetea izango den arren, eta euskaraz aritzeko eta bizitzeko hainbat ekitaldi programatu dira bertan, horietako gehienak Zenbat Gara elkartearen ekimenez. Hitzaldiak, antzerkia, txangoak, proiekzioak, jaiak eta beste asko aurkituko ditugu martxoko egitarauan.
Lehenengo asteko ostiralean, Herri Oihua eta Stalin euskal taldeen kontzertuarekin hasiko gara. Larunbatean Andoni Egaña eta Jon Sarasua izango ditugu bertso topaketa berezian. Larunbatean Belako mungitarrak eta El Capitan Elefante bilbotarrak izango ditugu gurean, nork bere pop proposamen bitxiarekin. Igandean, berriz, “Cloe bihotz bihotzez” haurrentzako elkartasun jaialdia izango dugu.
Datorren astean, berriz, emakumearen nazioarteko egunaren harira, feminismoa hizpide izango duen zikloa zabalduko dugu Kafe Antzokiko zine-txokoan, “Emakumeak solasean: etxeko sua, kaleko oihua” dokumentalarekin. Ostiralean (martxoak 8), emakumeen biografien jendaurreko irakurraldia izango dugu eta larunbatean, azkenik, “Emakumeak Bilboko historian” txango kulturala izango dugu, San Anton elizatik abiatuta.
Zenbat Garak antolatutako jarduera finkoen artean, Urbeltzen Dantza Ganbararekin hileroko euskal dantza saio irekia izango dugu martxoaren 6an eta Lagun Artean Kantari kantagintza saio irekia hilaren 20an, Anje Duhalderen eskutik euskal kantutegia jorratzeko.
Kafe Antzokiko ikastaroen baitan, martxoan enologia ikastaroa izango dugu, Imanol Sarasola enologoaren eskutik, hilaren 11n hasita. Idazlearen txokoan, berriz, Xabier Monasteriok “Hitzen jatorria Atik Zra” ekarriko digu martxoaren 13an. Egun berean filmak ere ikusi ahal izango dugu: “Kea” film laburra eta “Oda a la fábrica abandonada” dokumentala.
Zenbat Gararen hitzaldien barruan, Luzien Etxezaharreta lapurtar kazetaria izango dugu, Ipar Euskal Herrian gure herriaz dagoen ikuspegiaren zenbait alderdi aztertzen. Naroa Anabitartek “Publiko, pribatu…?” hitzaldian gure hezkuntza sistema propioaren beharra aztertuko du Orreaga taldeak antolatutako hitzaldian.Antzerkiari dagokionez, Gilkitxaro taldeak “8 begi” antzezlana ekarriko digu martxoaren 12an, eta Ane Monna, Oskola eta Karramarroik haurrentzako “Harritxu Maritxu” ikuskizuna ekarriko digute martxoaren 17an.
Martxoaren 16an “Pagasarritik Laudiora” mendi-irteera abiatuko da Kafe Antzokitik, Algara konpartsak antolatuta. Euskara ikasleek martxoaren 18an dantza-kantagunea eta 22an euskaltegiko ikasleen jaia izango dute.Martxoaren 21ean Newroz eguna ospatuko dugu Urtzi Urrutikoetxea kazetariarekin eta Azad Kanjo idazle eta zinemagile kurduarekin. Gehiago ikasiko dugu kurduei buruz euren egun nazionalean, hitzaldiaz gain ipuinak, kantuak eta beste ekarriko dizkigu Azad Kanjok.Bertsolari gazteen BBK sariketea izango dugu martxoaren 22an, Bizkaian eskualdeka antolatzen den txapelketaren finala.
Kontzertuei dagokienez, aipagarriak izango dira Sonic Trash taldeak Cancer Moon taldeari haren bertsioak eginez egingo dion omenaldia, Juantxo Skalariak, Sex Museum, Las Culebras, The Cherry Boppers, Mikrofilm 2013 festibala, La Bien querida, Made to Break, The Groovies, The Yum Yums, Survival eta Los Mambo Jambo, beste hainbaten artean.
Ondarroako Kafe Antzokian, berriz, Gose, Begoña Bang Matu, Gazta zati bat soinu banda, Berri Txarrak eta Korumba ikusi ahal izango ditugu martxoan.
Utzi erantzuna