Go to Top

Emilio Lopez Adan, borroka armatuaz mintzo

Gaurkoan Emilio Lopez Adán, Beltza, izango dugu gonbidatu, berriki argitaratu duen “ETAren estrategia armatuaren historiaz” liburuaren haritik borroka armatuaren urteez mintzatzeko. Liburuaren hariari jarraituz, Euskal borroka armatuaren garaia izenburuko hitzaldian gogora ekarri eta aztertuko du bide horrek izan duen bilakabidea hastapenetik amaierara arte.

Gai arantzatsua dugu, inondik inora, berriki amaierara heldu izanagatik ere oraino oso fresko baitago ETAren azken urteotako jarduna eta urte horien ondorio latzek ere oso garrantzi handia izan baitute gutako askorengan. Hala ere, azterketa objetiborik ez dugu aurkituko Beltzaren idatzietan, ezta kontakizun apologetikorik edo erabateko eta aldez aurreko gaitzespenik ere. Gaiari buruz urteotan idatzitako bere artikuluen bilduma eguneratua eta komentatua den liburuan, bere iritziak eta bere ikuspuntua islatzen dituzten idatziak aurkituko ditugu, norbera markatzen duen ikuspuntu biografikoa eta politikoa ezkutatu gabe, kritika politiko eta filosofikotik hurbildu da beti gai honetara, beste batzuetara hurbildu den bezala.

ETAren jardun armatuak, sorreratik 70eko urteen amaieraraino eta, ondorengo aroan, duela urtebete pasatxo bukatu zen arte izandako bilakabidea aztertzeko balioko digu liburuak, jardun horrek sortutako ondorioak, eztabaidak, kritikak eta beste jasotzen baititu.

Hizlariari buruz:
Araban sortua eta helduaroan Lapurtar bilakatua, Emilio Lopez Adanek Euskal Herria ondo ezagutzen du bere bazter fisiko eta politiko askotatik. ETAren hasierako urteetan ibilia eta beti ere ikuspegi libertarioagatik nabarmenduta, Beltzak beste gai batzuk jorratu ditu bere bizitzan. Bereziki mugimendu libertarioen eta Euskal Herriaren arteko harremana izan du aztergai eta bere abiapuntu pertsonal eta filosofikoa ere bi eremu horien inguruan mugitu da bere bizitza politikoan.

Argazkia: Dani Blanco (ARGIA aldizkaria)

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude