Gaur goizean aurkeztu ditugu uda honetarako haur eta gazteentzat prestatu ditugun hainbat campus, udaleku eta barnetegi, kirola eta kultura euskararen etengabeko erabilerarekin uztartuko dituztenak. Horiez gain, Gabriel Aresti euskaltegiak udarako helduentzat prestatu dituen barnetegi berriak eta ikastaroak aurkeztu ditugu gaurko ekitaldian.
Iaz Danok Bat taldearekin antolatutalo Futbol campusaren arrakastak animatuta, aurten beste hainbat campus gehitu zaizkio udako aukera zabala osatuz: pilota campusa, mendi campusa, txirrindularitza campusa, rock campusa, arraun campusa, ingeles campusa eta bertso udalekuak. Horiek antolatzeko bidaide izan ditugu Danok Bat futbol taldea, Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntza, Bizkaiko Mendizale Federazioa, Euskadi Fundazioa, Bizkaiko Arraun Federakuntza, Eliot School eta Bertsozale Elkartea, besteak beste.
Horiez gain, gaikako udalekuak antolatuko ditugu Bilbon uda osoan: zinemagintza “klaketa” udalekuak, musika sorkuntza eta DJ laborategia, saskibaloi udalekuak, argazkilaritza udalekuak, igeriketa udalekuak antzerki udalekuak, jolas eta kanta udalekuak kasu, ahaztu gabe gazteentzako euskara barnetegiak, euskara akademia eta ingeles akademia. Guztira, haur eta gazteentzako 21 eskaintza izango dira, bakoitza hainbat txandatan banatuta.
Helduentzako ere berritasunak badira, horien artean Bilbon gaualdia barne izango duen estreinako barnetegia, Hiri barnetegia, Boluetako BBK Bilbao Good Hostel ostatuarekin egindako akordioari esker. Aukera honek, orain arteko barnetegi irekiaz gain, Bilbo ezagutzeko aukera emango die Bilbotik kanpoko helduei, euskara ikastearekin batera.
Bakaikun aste biko eta astebeteko barnetegi txanda ugari egongo dira ekainetik irailera eta, tartekatzea gustoko duenarentzat, Bilbo eta Bakaiku konbinatuko dituen Hiri-mendi barnetegi berria sortu dugu. Familientzako barnetegi-egonaldiak izango dira Bakaikuko etxean, familia osoari euskal giroan murgiltzeko eta jardueretan parte hartzeko aukera emanez.
Udako eskaintza osatzen duten 27 aukera hauen gaineko informazio gehiago aurkituko duzue www.gabrielaresti.com webgune berrian. Bertan, informazioaz gain, matrikula ere egin daiteke zuzenean ordenagailu edo smartphonea erabiliz.
Gaurkoan gurekin izan dira Miguel Madariaga (Euskadi Fundazioa), Ander Gómez (Bizkaiko Mendizale Federakuntza), Mikel Inuntziaga (Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntza), Aitor Mojas (Bizkaiko Arraun Federakuntza), Bego Sanz (Eliot School), Erika Lagoma (Bertsozale Elkartea), Arkaitz Astoreka (Danok Bat futbol taldea), Rafa Rueda eta Josu Zabala (Rock campusaren antolatzaileak) eta Borja Kazalis (BBK Bilbao Good Hostel – Lantegi Batuak).
Albistea Hamaika Telebistan:
Utzi erantzuna