“Publiko, pribatu… hezkuntza sistema: estatuaren beharra” goiburupean, Naroa Anabitarte hezkuntza sistema publiko eta pribatuaren artean dauden desberdintasunez hitz egin du Zenbat Gara kultur elkarteak antolatutako hitzaldi honetan. Anabitarteren iritziz, Euskal Herrian, publiko eta pribatu kontzeptu hauen erabilera modu nahasian ematen da. Izan ere, herria menperatua egonik, gure zapaltzaileen eskuetan dauden komunikabideek eta bestelakoek, haien interesen araberako erabilpena eta esanahia ematen diete hitz horiei. Hainbat gaitan aurkezten zaigu dikotomia hau, baina berak hezkuntzaren arloari erreparatu dio gehienbat.
Alde batetik aipatu du hezkuntza sistema publikoak gobernuak ezarritako lege eta parametroen artean jokatzeko aukera besterik ez duela. Bestetik, argi utzi nahi izan du ikastola pribatuek askatasun handiagoa dutela, ez baitiote zertan men egin inposatutako legeei, eta gainera, gurasoak direla beraien seme alaben hezkuntza nolakoa izatea nahi duten aukeratzen dutenak.
Guzti horretaz gain, herrialde bakoitzak bere hezkuntza sistema izan behar duela argi utzi du eta ikastolek ikuspuntu hori helburu izanda abiatu zutela herriaren eraketa. Horretaz aparte, herria eraikitzeko bidean erakunde eta elkarte asko batu eta guztiek elkarrekin herri eraikuntza bidea egin behar dutela adierazi du, inoren zain egon gabe edo inori begira egon gabe. Izan ere, estatu totalitarioen helburua beti izan da hizkuntza bakarra eta kultura bakarra izatea ustez bereak diren lurren barruan.
Hitzaldiarekin bukatzeko Anabitartek esperantza ez duela galdu argi utzi nahi izan du, baina bai antolaketa falta daukagula horretarako. Esan beharrekoa bukatzean, galderei zabaldu zaie tartea eta ikusentzuleek hainbat galdera egin dizkiote Naroari.
Utzi erantzuna