Go to Top

Gabriel Aresti kultura elkartea aurkezten dizuegu

Gabriel Aresti idazlea jaio zela 80 urte betetzera doazen urte honetan, haren figura balioesteko, bere ondarea bildu, egituratu eta eguneratuta plazaratzeko xedeaz Gabriel Aresti kultura elkartea osatu dugu, alde batetik bere ondorengoek —Meli Estebanek, Gabrielen alargunak, eta hiru alabek— eta bestetik Zenbat Gara elkarteak. Elkartea aurkezteaz gain, efemeridearen bueltan urrian taluaratuko duen Gabrielen Lekua ikuskizuna ere aurkeztu dugu gaurkoan, Arestiren inguruan antolatuko diren beste ekimen batzuez gain. Jarraian doakizue elkartearen aurkezpena:

Testuingurua
Aspaldikoa dugu idazleak multzotan sailkatzeko ohitura, eta atergabeko sailkatze horretan, alde eta aldi guztietan idazle sorta murritz bat hautatu eta bereizi ohi dugu, beren obraren gailentasun eta gorentasunean gure baitako arazo, arrangura eta gainerako alderdi ezkutuak beste inork ez bezala azaleratzen eta azaltzen laguntzen digutelakoan. Horrelakoei klasikoak deritzegu, eta zertan edo hartan erantzun edo aholku beharrean gaudelarik, haiengana jotzen dugu argitasun bila.

Klasiko bilakatzeko prozesuak luze samar jotzen du eskuarki, eta idazle gehientsuek hil eta urte askotara baino ez dute erdiesten gu denon bide erakusle izatearen sari preziatua. Bestela esanda, idazle klasikoen multzo urrian sorta urriago batek baino ez du lortzen maila hori, bizirik dagoela.

Horixe da, hain zuzen ere, Gabriel Arestiren kasua, artean bizirik zegoela, beraren itzala Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu baitzen. Gabrielen olerkiek paperetik ahora egiten zuten hegan, eta orduko belaunaldi gazteak, gizartea iraultzeko ahaleginetan, borrokarako eta kanturako gai bihurtzen zituen berehalakoan.

Eta Herio gaizto gupidagabeak berrogeita bat urte besterik ez zuelarik berekin eraman izan ez balu, Gabriel Arestiren uzta berez oparoa are oparoagoa izango zen, inongo zalantzarik gabe. Ordudanik hogeita hemezortzi urte igaro dira, eta, begien bistakoa denez, denborak handiagotu baizik ez ditu egin haren ospea eta eragina. Bateko, XX. mendearen erdialdean aro berri bat abiarazi zuen euskal letren baratzean, olerkien gaietan eta hizkuntzaren moldeetan itzelezko aldakuntzak eta berrikuntzak eginez, eta, besteko, geroztiko idazleei jorratu beharreko alorrak zein ziren erakutsi zien. Hortaz, ez da dudarik Gabriel Aresti euskal idazle klasikoa dugula dagoeneko eta betiko.

Urriak eta balio handikoak izanik, ordea, klasikoak txera eta maitasun handiz jagon eta babestu behar dira, urregorrizko bitxien antzera, gure bihotz-buruetan distiratzen segi dezaten. Eta gaude ez ote dugun aspaldi luzean Gabriel apur bat bazterrera utzi.

Egia da, ezin uka, aldian-aldian saio ugari izan direla ikuspegi batetik edo bestetik haren obrara hurreratzeko eta hura esparru gehiagotara zabaltzeko, baina, edozein kasutan ere, saio solte eta soilak izan dira, uztarri batek lotu ez dituenak eta, okerrago dena, idazlearen obraren neurri osoa barnean hartu ez dutenak. Gauzak horrela, azken urteotan asko izan gara, Gabriel Arestiren ondareari dagokionez, garrantzizko gauza baten mira egin dugun euskaldunok, idazlearen ekarpen guztiak bildu, egituratu eta eguneratuko dituen erakunde edo elkarte baten hutsunea, alegia.

Hutsune hori estali guran, eta berandu bada ere, gaurgero Gabrielek badu bere izena daraman eta bere izana Euskal Herriko eta atzerriko leku guztietara zabalduko duen elkarte bat, jarraian aurkeztu nahi dizueguna, hain zuzen.

Nortzuk garen
Gabriel Aresti kultura elkartea idazlearen ondorengoek —Meli Estebanek, Gabrielen alargunak, eta hiru alabek— eta Zenbat Gara elkarteak osatzen dute.

Halabeharrak, zenbaitetan, itzulinguru bitxiak egiten ditu jendeen arteko elkar ezagutzak bideratzeko orduan. Gure arteko harremanak —zeharkakoak, lehenbizi, eta zuzenekoak, gero— aspaldi samarrekoak dira, izan ere. Hauxe dugu harreman horien kronologia laburra:

Olerkaria hil eta hiru urtera baino ez —1978an, beraz—, irakasle gazte batzuek Gabriel Aresti izena jarri zioten Bilbon sortu berria zuten euskaltegiari. Argi zeukaten ordurako, idazlearen eredura, bere ikasleak bilbotarrak, euskaldun berriak eta konprometituak eta aurrerazaleak izatea nahi zutela.

Geroztik, hogeita hamabost urte honetan, Gabriel Aresti euskaltegiak milaka herritar euskaldundu ditu, bilbotar idazlearen izena beti ere ohore handiz eramanez. Ziur gaude Gabriel bera harro egongo zela bera umetan olgetan ibiltzen zen Albia inguruan kokatuta dagoen euskaltegian makina bat herritarrek beren herriko hizkuntza ikasten dutela ikusita.

Halabeharrak bide egiten jarraitu zuen eta duela zenbait urte Gabriel Arestiren alabetako bat, Andere Bihotz, lankide izan genezan nahi izan zuen. Harro egon zen orduan Andere bere aitaren izena zuen euskaltegian euskara irakasteaz, eta harro egon ginen gu ere idazlearen alabetako bat lankide ez ezik, adiskide ere izateaz.

Halabeharrak, ezarian-ezarian, sareak hedatzen eta zirkulua ixten jarraitu zuen, eta beste urte batez Meli, Gabrielen beraren emaztea, ikasle ekarri zigun. Eta orduan denok egon ginen harro bihotz handiko halako emakume bat gutartekoa izateaz. Hala ere, harroen Gabriel bera egon bide zen, bere emaztea berak gaztetan belarrira olerkiak xuxurlatzen zizkion hizkuntza ezezagun hura ikasten ikusirik.

Azken urteotan, idazlearen urteurrenarekin bat eginez, “Harako Gabriel Aresti hartaz” izeneko zikloa antolatu izan du Gabriel Aresti euskaltegiak, haren bizitza eta lanak, gehienbat, ikasleen artean ezagutzera emateko asmoz. Ziklo horretarako ekitaldi xumeak prestatzean, bat etorri ginen alde biak —idazlearen senideak eta Gabriel Aresti euskaltegia kudeatzen duen Zenbat Gara elkartea—, halakoak premia handikoak izanik ere, are premiazkoagoa zela Gabriel Arestiren ondare literarioa kudeatzeaz eta haren itzal soziala zabaltzeaz arduratuko zen elkarte bat sortzea. Horrelaxe sortu da orain aurkezten dizuegun Gabriel Aresti kultura elkartea.

Elkartea herritar eta erakunde guztien partaidetzara ireki nahian, laster “Gabriel Arestiren lagunak” deritzan saila jarriko dugu abian, herritar eta erakunde horiek elkarlanerako proposamenak egiteko modua izan dezaten.

Elkartearen helburuak
Labur esanda, honako hau da Gabriel Aresti kultura elkartearen helburu nagusia: Gabriel Aresti Segurola bilbotar idazlearen ondare literarioa eta giza balioak zentzu orokor eta zabal batean ezagutaraztea, hiru oinarri hauek ardatz hartuta:

—Haren euskalduntasuna, euskaldun izateko eta izanda egindako ibilbide oparoa eta sorkuntzaren bidez euskarari emandako maila gailena aitortuz.

—Haren unibertsaltasuna, Bilbotik munduari begira gizatasunaren balioak aldarrikatzeko egin zuen lan eskerga azpimarratuz.

—Eta justiziaganako maitasuna, bere idazlan guztietan ageri-agerikoa dena.

Elkartearen lan esparruak
Helburu argi hori eta hiru ardatzak —euskara, Bilbotik mundura eta justizia grina— gogoan edukita, Gabriel Aresti kultura elkarteak ondoko lan esparruak jorratuko ditu bere jardunean:

a) Idazlearen ondare idatzia sailkatzeko eta antolatzeko lanak.

b) Haren idazlanak osorik nahiz zatika berrargitaratzeko lanak, edizio kritikoak ere eginez.

c) Euskara ikasleei eta euskaraz irakurtzen abiatu berriak direnei begira, haren obraren gainean eginiko moldatze lanak.

d) Haren ekarpenak iraganetik etorkizunerantz eramateko balio dezaketen era guztietako eguneratze lanak.

e) Ikus-entzunezkoez eta, oro har, teknologia berriez baliaturik, haren idatziak paperetik bestelako euskarrietara pasatzeko lanak.

Honenbestez, bere izeneko elkartea sortuta, Gabriel Arestirekin aspaldidanik genuen zorra nolabait kitatu dugula esan liteke, gure ustez. Elkartea zentzu zabal batean arduratuko da haren ondarea zaintzeaz eta zabaltzeaz; Bilbon kokatua dago, idazlearen jaioterrian, baina handik Euskal Herriari eta munduari begira dago; bere senideen babesa eta Zenbat Gara elkartearen bermea du; eta edozein herritar edo erakunderen proposamenei irekia dago.

Elkartearen lehen lanak
Bizirik egon balitz, Gabriel Arestik laurogei urte beteko zituzkeen urriaren 14an. Urteurren aski biribila, beraz, aurtongoa. Hori dela eta, Gabriel Aresti kultura elkartea hasia da dagoeneko urteurren horren inguruko ekitaldiak prestatzen, datak behar besteko distira eta oihartzuna izan dezan.

Hamabostaldi batean zehar, era guztietako eskaintzak plazaratuko ditugu, denok apur bat hobeto ezagut dezagun Arestiren obra: hitzaldi didaktikoak, irakurraldi komentatuak, haren olerkietan oinarritutako kantu saioak, dokumentalak, irratsaioak, txango literarioak, erakusketak, lehiaketak eta beste.

Baina, zalantzarik gabe, idazlearen jaiotzaren 80. urteurrenaren karietara antolatuko dugun ekitaldirik bereziena eta sonatuena “Gabrielen lekua” deritzan ikuskaria izango da. Ikuskari horretan, antzerkia, bertsoa, deklamazioa, musika eta irudi-argazkiak nahastuz eta Gabrielen bizitzan funtsezkoak diren lekuak eta haien inguruabarrak erakutsiz, gure idazle klasikoa iraganetik gerora eramaten saiatuko dira egungo lau sortzaile handi: Andoni Egaña, Rafa Rueda, Oier Guillan eta Alain Urrutia.

One Response to "Gabriel Aresti kultura elkartea aurkezten dizuegu"

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude