Ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu Ondarroako Kafe Antzokiaren inguruko Zenbat Gara elkartearen erabakia, erabaki latza bezain ezinbestekoa zaiguna: Ondarroako Kafe Antzokia bertan behera uztea. Ez da inoiz izan gure asmoa Kafe Antzokia ixtea, baina orain arteko eran guk bakarka ezin dugu jarraitu. Utzi beharrean gaude, baina ez genuke nahi Kafe Antzokiak ateak betirako ixtea. Gure desioa bertoko talde eragile batek hartzea da, kultura ikuspegi euskaltzale eta zabal batekin. Ez dago gure esku, baina ez du zertan amaiera izan.
Aurten 11 urte bete dira Ondarroan Kafe Antzokia zabaldu zuela Zenbat Gara elkarteak, Bilbokoan oinarrituta eta Ilusio handiz, jakinik Ondarroako errealitatea bestelakoa zela, ikuspegi soziolinguistikotik, politikotik eta beste hainbat kontutan.
Zenbat Gararen ekimen guztiak, hizkuntzaren inguruko irizpideak argi edukita, euskara sustatzeko ekimenak dira, helduen artean ez ezik, gazte eta haurrentzat ere euskaraz jarduteko aukerak sortuz, erabileran eta motibazioan eraginez. Hizkuntza bera helburu, bitarteko eta lehentasun izanik, 1995ean Bilbon, Euskal Herriko hiri handienean, eta ordurarte, zoritxarrez, euskarazko gune erreferente askorik ez zegoenean, Zenbat Gara taldekook -tartean hainbat ondarrutar- erabaki genuen euskarak, herrietan, txokoetan eta elkarteetan egoteaz gain, hiriaren erdigunean eta dagokion kategoria eta eskaintzarekin egon behar zuela. Beti ere, euskaratik abiatu eta mundu osoari irekia. Ideia honekin, eta izugarrizko ahalegina eginda, hiriaren tokirik preziatuenean Bilboko Kafe Antzokia irekitzea lortu genuen.
Ondarroako egitasmoan, irizpideak berak izanik, hasieratik beste helburu batzuek hartu zuten lehentasuna. Herri euskalduna izanik, jarduera guztiak naturaltasunez euskaraz eginez, herrian txertatutako plaza ireki eta parte-hartzailea izatea zen helburu nagusia, eskualdeko elkargune zabala bilakatzea.
Urte hauek ez dira alferrikakoak izan: bertan antolatutako ehunka kultura ekitaldiek arrastoa utzi dute herrian eta sekulako azpiegitura dauka egun Ondarroak Zenbat Gararen ahalegin handiari esker. Bertan izan ditugu antzerki emanaldiak, kontzertuak, aurkezpenak, hitzaldiak, proiekzioak, haurrentzako saioak, kantagintza eta dantza saioak, zinea, bertsolaritza, elkartasun jaiak… Egunez eta gauez bere ekarpena egin du Kafe Antzokiak Lea-Artibaiko giroari bultzada emateko.
Apaltasun osoz aitortu behar dugu, hala ere, ez dugula guztiz asmatu, ahaleginak ahalegin, geuk bakarka tamaina honetako proiektu kultural sendo bat aurrera ateratzen eta ez dugula lortu bertako instituzioen behar besteko laguntzarik. Bihotzarekin eta inplikazio pertsonal zintzoetatik abiatutako proiektua izanik, kostatu zaigu barneratzea ezin genuela horrela jarraitu, ez baitugu lortu herrian eta inguruan ahaleginaren neurriko eragina, proiektua herrian gehiago txertatzea eta urte hauetan Ondarroan izan diren udal gobernuekin harreman egokia erdiestea.
Bitartean, azken urteotan garatu den krisialdi ekonomikoak ere bere eragina izan du: diru gutxiagorekin, lan gehiago egin arren, kontuak ez du ematen, ezin diogu proiektuari eutsi. Beraz, norbaiti pasatzea edo zuzenean ixtea beste biderik ez zaigu geratu.
Ondarrutar askok adierazi digute ez dutela irudikatzen Ondarroa Kafe Antzokirik gabe, ostiral eta larunbatetako kontzerturik gabe, umeentzako espaziorik gabe, bertako sortzaileen (kantari, dantzari…) ezkenaratzerik gabe… Eta guri ere kosta egiten zaigu Ondarroa Kafe Antzokirik gabe ulertzea.
Orain lekukoa nork hartu falta da. Nahi genuke norbaitek oinordekotza estimagarri honi merezi duen atarramendu sozial eta kulturala ateratzea. Gu prest gaude gure bideari, hau da, euskararen eta euskal kulturaren garapenerako proiektu bati jarraipena eman nahi dion edonori gure laguntza eskaintzeko.
Zenbat Garan segituko dugu proiektugintzan , batzuetan asmatuko dugu, gehienetan espero dugu eta beste batzuetan, zoritxarrez, ez. Gurea euskararen sustapenerako eta euskara jendeon biziraupenerako arnasguneak sortu, bultzatu eta bizitzea da eta horretan jarraituko dugu.
Utzi erantzuna