Euskara-munduaren kulturgintza biziberritzeko kezkari erantzunez, 2007-08 ikasturtean eman zioten hasiera Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) gradu-ondokoari Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
Sorguneak ikertegiko kideek osatzen dute EKTren batzorde pedagogikoa (Julen Arexolaleiba, Iñaki Urruzola, Nekane Goikoetxea, Andoni Eizagirre, Jon Sarasua eta Lorea Agirre), eta euren gidaritzapean, aurten 24 ikaslek hartu dute parte gradu-ondokoaren 4.edizioan.
Aretxabaletan kokatuta dagoen fakultateko eraikin berrian, eta urritik ekaina bitartean, hainbat izan dira gelatik igarotako euskal kulturgintzako gonbidatuak, besteak beste literatura, kantagintza, bertsolaritza, antzerki, hedabide eta irakaskuntzako aritu eta adituak: Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Larraitz Ariznabarreta, Jose Angel Irigaray, Laura Mintegi, Josu Zabala, Mikel Irizar, Ramon Agirre, Oihane Perea, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Mari Karmen Garmendia, Jose Agustin Arrieta, Asisko Urmeneta, Anari Alberdi, Amets Arzallus, Mattin Irigoien, Sagrario Aleman, Isabel Isazelaia…
Hizlariek beren esparruko kezka, ikuspegi, zailtasun, apustu eta esperientziak konpartitu dituzte asteazken arratsaldeetan bertan bildutako ikasleekin, horien artean Erlantz Ibargurengoitia eta Eli Carrascosa Zenbat Garako kideak.
HUHEZIn elkartutako gonbidatuek zein ikasleek elkarrekin partekatu dute ezagutza, gogoeta, transmisioa eta motibazioa, euskal kulturgintzako aspaldiko buruhausteei zein erronka berriei erantzun eraginkorrak ematen jarraitzeko. Geroa irudikatzeko atzera begiratu behar denez gero, denboraren joan-jinaren labirintoak utzitako oihartzunak aztertu eta eztabaidatu dituzte, euskal kulturgintzak geroak ezarriko dizkion ataka gaiztoak gainditzeko egiteko tresnak izan ditzan.
Orain, behin gradu-ondokoa bukatutakoan, ikasleek ikastaroan zehar barneraturiko ezagutza praktikan jartzeko gaitasuna islatu beharko dute burutuko duten proiektuan. Bederatzi hilabetean ondutako teorizazio-lana praktika konkretura eta paperera ekartzeko mementoa helduta, laster izango dugu gure kideen lanaren berri. Zenbat Gararen partez, zorionak EKTko lagunei egindako lanagatik, eta mila esker denagatik.
Utzi erantzuna