Ikasturte berezia dugu datorren hau; izan ere, Gabriel Aresti idazlearen jaiotzaren 80. urteurrena ospatuko dugu urrian, eta baita bere izena daraman euskaltegi honen sorreraren 35. urteurrena ere. Pisuzko arrazoi bi, beraz, datozen hileotan aparteko egitaraua eskaintzeko. Euskara bere osotasunean, hori izan da gure abiapuntu eta gure helmuga jaio zenetik Gabriel Aresti euskaltegia, euskara irakasteko akademia soila baino gehiago baita; gure hizkuntza irakasteaz gain, motibazioa eta erabilera ere sustatzeko egiten dugu lan, eta euskaraz bizitzeko aukera ematen dugu, arlo guztiak jorratuz, kulturatik ludikotasunera: zinema, literatura, musika, antzerkia, hitzaldiak, ibilbide gidatuak, jaiak… Horrengatik guztiagatik irail eta urrian zehar intereseko agenda prestatu dugu, Bilbon zein Bakaikun, euskara ikasten dabiltzanentzat nahiz edozein euskaldunentzat, gure euskaltegiaren 35. urteurrena ospatuz:
Irailaren 5ean, osteguna, Zine Txokoa irekiko dugu berriz “Bypass” (2012) eskaintzeko. Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendatuta, film honek komediarik onenaren saria irabazi zuen duela aste batzuk egin zen Traverse City film jaialdian (Michigan, AEB). Goizeko 11:00etan zein 19:00etan izango dugu pelikula dibertigarri hau ikusteko aukera, Kafe Antzokian.
Euskara ahalik eta ondoen ikasteko, Gabriel Aresti euskaltegian aspalditik dakigu zein garrantzitsua den hizkuntza klasetik ateratzea, hau da, gustuko jarduerak egiten edo ikasten ditugunean eta ondo pasatzen dugun bitartean aritzea euskaraz, era naturalean. Badakigu, halaber, egiten ditugun jarduera horiei esker euskal kultura ezagutu eta maitatzen ikas dezakegula. Horregatik sortu genituen tailerrak orain zenbait urte, eta horregatik euskara ikasleentzako dantza-kantagunea izan dugu martxan urte honetan zehar, baita udan ere. Irailaren 6an, ostirala, berriro ere badugu hitzordua kantagunean, Beñat Aiartzaren laguntzarekin. Kanta klasikoak zein berriak abestuz ikasi eta ederto pasatzeko abagunea, goizeko 11:00etan nahiz 18:00etan, Kafe Antzokian. Irailaren 25ean, aldiz, dantzagunearen txanda izango da, publiko guztietarako euskal dantzak ikasteko.
Irailaren 11n, asteazkena, Japoniatik etorriko zaigu Hiromi Yoshida gonbidatua,”Euskal Rakugoa” hitzaldia eskaintzeko Axen Eskaladaren laguntzarekin. 19:00etan izango da, Kafe Antzokian. “Rakugoa” oso tradizionala ei den ipuin mota bat da. Duela lau mende sortu omen zen eta ahoz kontatzen den istorioa da, kontalaria eserita, soinean kimonoa duela. Hiromi Yoshida hizkuntzalari eta Japoniako unibertsitate bateko irakaslea da, eta euskarari buruzko ikerketa asko egin eta argitaratu du azken urteetan. Euskarazko eskolak ere ematen ditu unibertsitatean, euskaraz oso ondo daki eta. Azpeitiko hizkeraren inguruan egin zuen tesia eta 1995etik ia urtero etortzen da Euskal Herrira. Eta oraingo honetan, Bilbora gonbidatu dugu “Euskal Rakugoa” ezagutarazteko.
Irailaren 13an, ostirala, Zenbat Gara elkarteak “Bilbo idazleen luman” izeneko ibilbide gidatua antolatu du, goizeko 10:30ean zein 17:30ean. Bertan Bilbo hiriari idazleen begiradarekin begiratzeko aukera izango dugu. Izan ere, gure botxoa hainbat eleberri, ipuin eta olerkiren gertaleku izan da euskal literaturaren barnean, eta haietan guztietan idazle bakoitzak bere erara marraztu du hiri honetako errealitate anizkuna. Kirikiño, Alfontso Irigoien, Gabriel Aresti, Mikel Zarate, Bernardo Atxaga, Edorta Jimenez, Paddy Rekalde, Lutxo Egia eta beste zenbait idazleren obren pasarteetatik abiatuta, Bilbok dituen ezkutuko errealitate eta giroak ezagut ditzakegu literatura ibilbide honetan. Izena emateko, klikatu hemen.
Irailaren 18an, asteazkena, “Zertarako hegoak” antzezlana aurkeztuko digute Oier Guillanek eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak, 2 emanalditan: goizeko 11:00etan eta 19:30ean, Kafe Antzokian. Bost aktore igoko dira oholtzara: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iñigo Ortega, Iraia Elias eta Joseba Roldan.
Gabriel Aresti euskaltegian umeek eta gazteek ere badute oso garrantzi handia. Izan ere, haientzat, gustu eta adin guztietako hainbat campus eta udaleku jarri dugu martxan ekainetik irailera, eta asko dira gurekin izan diren lagunak. Horregatik, eskerrak emateko eta udari agur esateko beraiekin eta euren gurasoekin, ospatu nahi dugu jai berezia irailaren 21ean, larunbata, Kafe Antzokian. Guztiok han izatea espero dugu!
Irailaren 24an, asteartea, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaileak “Bi arreba” ikuskizuna eskainiko digute Kafe Antzokian, goizeko 11:00etan eta 19:30ean. Garai beretsuan bizi izan ziren Chopin piano-jotzailearen eta Xenpelar bertsolariaren bizitzen paralelismo berezia ekarriko digute Lizasok eta Egañak, eta Chopin eta Xenpelarren arreben berri eman ere bai; “bi mundu, bi obra, bi kultur-modu eta bi arreba ezagutu eta ezagutzera emateko ahalegina” egin omen dute “Bi arreba” ikuskizunean.
Iraila ia bukatuta, eta 2013-2014 ikasturtea hastear dagoenean, Gabriel Aresti euskaltegiko lehengo eta oraingo ikasleen jaia ospatuko dugu, irailaren 27an hain zuzen, 20:00etatik aurrera, Kafe Antzokian. Gurekin urte hauetan guztietan ikastera animatu diren lagun guztiokin berriz ere elkartu eta ederto pasatu nahi dugulako. Eskerrik asko guzti-guztioi Gabriel Aresti euskaltegira hurbiltzeagatik, euskara ikasteagatik, euskara maitatzeagatik, sekulako ahaleginak egiteagatik… Mila esker!! Biba zuek!!
Urria hastearekin batera ikasturte berrian sartuko gara, eta ospakizunak ez dira amaituko. Baina gure hizkuntzaren egoeraz hausnartu ere egin nahi dugu. Horregatik, hilaren 1ean, Europako Hizkuntzen Markoa izango dugu aztergai, eta urriaren 2an, Jon Sarasuak bisitatuko gaitu “Hiztunpolistika” aurkezteko.
Bestalde, Bakaikun (Nafarroa) ikasten dabiltzan gure ikasleei ere agenda interesgarria prestatu diegu: irailaren 4an Hiromi Yoshidaren bisita izango dute, haiek ere “Euskal Rakugoa” ezagutu ahal izateko; irailaren 12an, Jabier Lauzurika “Apolo” bertsozale eta Bilbo Hiria Irratiko esatariak bertso-saio didaktikoa ekarriko die, gure kulturan hain garrantzitsua den bertsolaritzaren teoria ezagutarazteko eta praktikan jartzen ere laguntzeko; irailaren 18an, Juan Karlos Etxegoien “Xamar” irakasle, idazle eta soziolinguistak “Hizkuntzen galeren arrazoiak” azaltzen ahaleginduko da; eta irailaren 25ean, Josu Zabala musikariak eta Bilbo Hiria Irratiko “Artayorran baño, yantzan obetó!”ko aurkezleak “Euskal musikaren historia”ren berri emango du.
Laster segituko dugu gure agendaren berri ematen, beti intereseko aukerak proposatzeko asmoz.
Ospatu gurekin Gabriel Aresti euskaltegiaren 35. urteurrena!
Utzi erantzuna