Go to Top

Diada egunean, Via Catalana Bilbon: giza-katea Albia lorategietan

Katalunian Diada egun nazionalean ospatuko den Via Catalana ekimenarekin bat eginez,  giza-katea egingo dugu irailaren 11n, asteazkena, 20:00etan, Bilboko Albia lorategietan, Catalans a Bilbao taldeak eta Zenbat Gara elkarteak antolatuta. Katalunian, Assemblea Nacional Catalanak deitu duen giza-katea osatzen egongo den une berean Bilbotik gure babesa helaraziko diegu lagun katalanei, ondoren Cavarekin haien alde topa egiteko, Bilbon bizi diren hainbat katalanekin batera. Euskal eta kataluniar kantu-emanaldia eta bertsolariak ere ez dira faltako egitarauan eta aurreko minutuetan deialdirako propio egindako kamiseta horiak erosi ahal izango dira 5 euroan.

Munduko herri guztiek beren buruaren jabe izateko eta beren etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea dute, era horretan beren herritarrek guztizko garapena lor dezaten kultura, gizarte, ekonomia eta gainerako arloetan.

Hortaz, egungo egunean ez du batere zentzurik inork herrien askatasun nahiei eta independentzia asmoei galga ematea, eta halaxe aitortzen dute nazioarteko zuzenbideak auzi honetaz sortu dituen adierazpen, arau eta lege ugariek.

Iazko Diada egunean Bartzelonan egin zen manifestazio erraldoiak agerian utzi zuen Katalunian herritar gehienak independentziaren aldekoak direla, eta aurten, irailak 11 dituen honetan, herri katalanak,  Assemblea Nacional Catalana erakundearen ekimenaren bidez, garrantzi handiko beste urrats bat emango du independentziara bidean, Katalunian bertan eta munduko hainbat herri eta hiritan herritarrak giza kate etengabe batean elkarri lotuz, beren borondate demokratikoaren erakusgarri.

Euskaldunok askatasun asmo berberak bizi gaitu, eta egun seinalatu honetan Zenbat Gara elkartearen eta Catalans a Bilbao taldearen kideok eta bat egingo dugun lagun guztiok estuki helduko diogu elkarri eskutik Albia lorategi sinboliko honetan, bi herrien desioaren eramale gisa.

endavant-kartela640

One Response to "Diada egunean, Via Catalana Bilbon: giza-katea Albia lorategietan"

  • Zenbat Gara
    2013/10/01 - 21:48 Reply

    […] 11n, iragarri bezala, Diada eguna ospatu genuen Bilbon bizi diren katalanekin. Albian, elkarri eskua emanda, lorategi […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude