Gabriel Aresti idazlearen jaiotzaren 80. urteurrena ospatzeko, etorkizunean ere haren figura goresteko eta arlo askotan utzi zuen literatura zein giza balioen ondarea zabaltzeko Zenbat Gara elkarteak eta idazlearen sendiak osatutako Gabriel Aresti kultura elkartea ekainean aurkeztu genuen. Urrian, Aresti sortu zela 80 urte beteko diren urriko hilabete honetan, denetariko ekitaldiz beteriko egitarau hau osatu dugu. Besteak beste, ibiladia, proiekzioa, hitzaldiak, antzerkia, errezitaldia eta irratsaioa izango ditugu egitarau honetan, guztietan garrantzitsuena, aste honetan aurkeztu dugun Gabrielen Lekua ikuskizun edo sentikariaren estreinaldia izanik.
Urriaren 29an Arriaga antzokian izango den sentikari edo ikuskizunaren estreinaldia iritsi arte, hainbat ekitaldi izango ditugu, hilaren 12an Intxaurrondoko kultur etxean izango den aurreestreinaldiarekin hasita.
Urriaren 14an, Arestiren urtebetetze egunean, hainbat ekitaldi izango dira poetaren oroimenez. Itziar Lakak Gabriel Aresti euskaldunberri hitzaldia eskainiko digu astelehenean, goizeko 11:00etan. Arratsaldean, Arestiren Bilbo izeneko literatura ibilbidea izango dugu eta, iluntzean, errezital musikatua egongo da Gernikako Astran, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Edorta Jimenez eta Josu Zabalaren eskutik.
Asteazkenean, urriaren 16an, Arestiri gorazarre hitzaldia eskainiko digu Xabier Monasteriok, 11:00etan eta 19:00etan. Larunbatean, Arestiren garaiko industria ondarea izeneko ibilbide gidatua izango dugu, Zorrotzako portutik abiatuta, Tximini kolektiboko lagunen eskutik.
Datorren astean, Patxo Telleriak Gabriel Arestiri buruz egindako Diot dokumentala proiektatuko dugu asteartean, goizez eta arratsez, Kafe Antzokian. Asteazkenean, Arestiren kantuekin osatutako kantagintza saio berezia izango dugu Anje Duhalderen eskutik, zenbait gonbidatu berezirekin. Ostegunean, berriz, Arestiren urteak islatuko dituen irratsaio berezia egingo du Bilbo Hiria irratian Pedro Elias Igartua musika adituak.
Azkenik, urriaren 29an, Gabrielen Lekua sentikariaren estreinaldia izango da Arriaga antzokian, goizeko 11:00etan eta 19:30ean. Horrek hasiera emango dio datozen hilabeteetan Euskal Herri osoan sentikariak egingo duen emanaldi sorta oparoari.
Bestalde, urriaren 14tik 30era, Twitter bidezko txio lehiaketa egongo da, eta Gabriel Arestiren bizitza eta bere ibilbidearen testuinguruarekin izan zuen eragina islatzen duen bizitza erakusgarri erakusketa izango dugu Kafe Antzokian.
2013/10/14 - 16:47
[…] Bihotz alaba irakasle. Lagun arteko harremanetik sortu da Gabriel Aresti kultura elkartea, egunotan egitarau oparoa prestatu duena, baita Gabrielen Lekua ikuskizuna prestatzeko ekimena ere. Horregatik pentsatzen […]