Go to Top

Arestik 80 urte gaur: haren omenezko erakusketa eta #arestik80 txio lehiaketa

Gabriel Aresti Segurolak 80 urte beteko lituzke gaur, bizirik egongo balitz. Ez da kasualitatea euskaltegiak Gabriel Aresti idazlearen izena eramatea, izan ere, arrazoi asko daude Aresti omentzeko, eta ezaugarri asko Zenbat Gararekin lotzen dutenak . Hasteko, Abandon jaio zen, gure egoitzatik oso hurbil, Barroeta Aldamar kalearen 2. atarian, eta Albiako eskoletan ikasi zuen. Euskaldunberria dugu, hizkuntza galdutako familia batetik etorrita, euskara ikastea bera ilegala zen frankismo garaian bere kabuz euskaldundua.

Motibazioz beterik, gogo handiz egin zion aurre euskalduntzearen erronkari, eta lortu zuen bere burua euskalduntzea. Are gehiago, denborarekin euskal letren erreferentzia nagusietakoa izatera heldu zen, eta euskararen estandarizaziorako ekarpen garrantzitsuak egin zituen Euskaltzaindiaren baitan. Langile nekaezina izan zen, beraz, Aresti, hori guztia bere kontulari lanak uzten zion denbora apurrean lortu baizuen, aisiari eta gauari orduak lapurtuta.

Ez da hor amaitzen, ordea, Zenbat Gararen eta Gabriel Arestiren artekoa. Urteak joan, urteak etorri, hainbat aipamen eta omenaldi egin dizkiogu ofizialtasunak Bilbon baztertu xamar utzi duen idazle eta pertsona handiari. Azken urteotan Meli bere alarguna izan dugu ikasle, eta Andere Bihotz alaba irakasle. Lagun arteko harremanetik sortu da Gabriel Aresti kultura elkartea, egunotan egitarau oparoa prestatu duena, baita Gabrielen Lekua ikuskizuna prestatzeko ekimena ere. Horregatik pentsatzen dugu merezi duela gaurkoan bere figura gogora ekartzea.

Eta horretarako, gaur bertan izango diren ekitaldi batzuk gogora ekarriko ditugu: Itziar Lakak Gabriel Aresti euskaldunberri hitzaldia eskainiko digu gaur, goizeko 11:00etan. Arratsaldean, Arestiren Bilbo izeneko literatura ibilbidea izango dugu eta, iluntzean, errezital musikatua egongo da Gernikako Astran, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Edorta Jimenez eta Josu Zabalaren eskutik. Aurretik, eta ondoren, aipatutako egitarauak beste hainbat ekitaldi jasoko ditu.

aresti-erakusketa

Erakusketa eta #arestik80 txio lehiaketa
Baina gaurtik hile bukaera bitartean bi ekimen izango ditugu gurean. Alde batetik, Arestiren bizitza eta bere ibilbidearen testuinguruarekin izan zuen eragina islatzen duen Bizitza erakusgarri erakusketa. Bestetik, #arestik80 traola edo hashtagh-arekin gaur abian jarriko dugun lehiaketa. Badakigu 140 karakteretan ez dela askorik sartzen, baina muga horrekin sortutako txiorik politen, bitxien edo erakargarrienak eramango du epaimahaiaren saria: bizikleta tolesgarria eramango du, Arestiren Bilbo ibilbidea pedal gainean egin ahal izateko. Gogoratu Arestiren hiru gai nagusiak: Bilbo, euskara eta justizia soziala. Epaimahaiak azaroaren 2an emango dugu ezagutzera txio irabazlea zein izan den, hemen eta Twitterren bertan argitaratuz. Haiku egile izengabe hori, orain duzu aukera zure trebezia erakusteko, anima zaitez!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude