Maiatzaren 17an Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Mikel Valverde artistek osatutako Jainko txiki eta jostalari hura izeneko ikuskizuna taularatuko dute Kafe Antzokian. Bilbo Hiria irratiaren 17. urteurreneko egitarauaren barruan dago ekitaldi hau eta sarrerak online eros daitezke. Atzo aurkeztu zuten prentsaurrekoan bihar agertokira eramango duten sentikaria.
Zaharregia, txikiegia agian izeneko hartatik hamarkada bat igaro denean, artista hauek berriro elkartu dira Jainko txiki eta jostalari hura deritzon disko-liburua osatzeko eta berau zuzeneko ikuskizun batean jendaurrean aurkezteko.
Aurrekoa bezala, diziplina artistiko bat baino gehiagoren adierazpenean oinarritu da proiektu hau, ikuskizun koloretsua, eraginkorra eta erabat liluragarria osatuz. Donostian eta Gasteizen ibili ostean azkenik Kafe Antzokian egingo dute zuzeneko emanaldia. Biharkoa eurentzat oso berezia izango da, atzoko aurkezpenean Kirmen Uribek adierazi zuenez: “Kafe Antzokikoak lagun eta babesle izan ditugu Mikel, Rafa eta hirurok, gure ibilbidean lagundu digute hiruroi”.
Rafa Ruedaren esanetan, ikuskizun honen taularatzea “duela 10 urtekoa bezain intentsoa eta berezia izaten ari da, eta sekulako emanaldia eskainiko dugula uste dut”, aurreratu zuen. Izen bereko disko-liburuan oinarritutako ikuskizuna izango den arren, “aurreko lanaren pieza batzuk sartuko ditugu” esan zuen Rafa Ruedak, Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunari erreferentzia eginez. Mikel Urdangarinek zuzeneko hauetan sortzen ari den giro ona nabarmendu zuen atzokoan: “emanaldi biziki emozionalak ematen ari direla uste dut, zapore ona izaten gabiltza orain arteko kontzertuekin”, esan zuen.
Musikariek Kirmen Uriberen olerkiak hartu eta ondoren musikatu egin dituzte. “Kirmenek lan bukatu bat eman zigun eta horren gainean egin dugu musika”, zehaztu zuen Urdangarinek, “poemek ez daukate zertan ikuturik baila musikak bai, harik eta dimenstsio hori ahalik eta aberatsena izan dadin, ondoen josita, armonia gehienekin”.
Poesiari dagokionez, berriz, Kirmenek azaldu zuenez, bigarren irakurketa duten testuak dira olerkiok: “poesiak beti bigarren irakurketa bat eskatzen du, hizkuntzaren barruko maila aztertzen da bertan”. Zubiaren erdian horretan esaterako, ibaia deskribatzen da eta haren gainean lertxun bat. Eszenario idilikoa dirudi, baina gero esaten da barku hura hor utzi zutela usteltzen. Beste letra batean, Urte zahar iluntzean, bikote bat dago kotxe batean baina gero hondartza bat dago neguan eta giro arrotza kanpoaldean… Deserosotasun sentimendua sortzen du horrek”. Uriberen ustez “ohituta gaude gauzak era lauan, azalean bakarrik irakurtzen, baina beti daukate bigarren eta hirugarren irakurketa bat, kantu tradizionalek ere”.
Bada, irakurketa horiek norberak egin beharko ditu, baina olerkia, irudia, musika eta armoniak, berriz, bost artista hauek eskainiko dizkigute bihar, Kafe Antzokian. Ez galdu aukera!
Utzi erantzuna