Go to Top

Keinuka Mugaz Gaindi filma ekainaren 16an estreinatuko da

Keinuka Mugaz Gaindi… un guiño, un sueño,  Euskal Herriko eta Kubako eskolen artean egindako giza balioei buruzko film pedagogikoa aurkeztu dute gaur Kafe Antzokian Kurkuluxetan eta Zenbat Gara kultur elkarteek. Crowfounding bidez finantzatutako film hau ekainaren 16 eta 17an aurkeztuko da Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko 20:00etan, eta ondoren Euskal Herri zein Kubako aretoetan eskainiko dute.

Protagonista gisa haurrak hartuta, munduan gutxietsita dauden balio aurrerakoien aldeko apostu tinkoa egin nahi dute aipatutako elkarteek. Horretarako bi herriotako  20 ikastetxe binaka senidetu dira (Bilbo Handiko 10 eta Kubako beste 10) eta, elkarrekin, muga, kultura eta desberdintasunen gainetik dauden oinarrizko jarrerak aldarrikatu dituzte: “Elkartasuna, laguntasuna, naturarekiko errespetua, herrien arteko adiskidetasuna edo  eskuzabaltasuna bezalako balioak dira filmaren ardatzak”, adierazi du Koldo Zelestinok, Kurkuluxetan elkarteko ordezkariak.

“Norberaren kontzientzia astindu nahi dugu ikus-entzunezko honen bidez, denon artean mundu justu eta libreagoa sortzeko”, azaldu du Rita Naveirak, Kurkuluxetaneko kideak. Ordubete eta hamar minutu irauten duen pelikula hau ez da batere komertziala, hausnarketarako film hezitzailea baizik eta horregatik, Kurkuluxetan elkartearen webgunean doan izango da eskuragarri hilabete bukaera aldera. Zatika ikusteko filma da, berarekin batera prestatu duten unitate didaktikoarekin batera eszena bakoitza lantzeko asmoz egina.

Ikus-entzunezkoan protagonista diren zenbait haur ere izan dira gaurko aurkezpenean eta filmaren bidez bizitako esperientzia azaldu dute: “hasieran urduri geunden baina gero joko bat bezala izan da, lagunekin egon gara eta”, azaldu du haurretako batek. Gainera, dokumentalaren hainbat pasarte ikusteko aukera ere izan dute bertaratutakoek.

Proiektuan parte hartu duten ikastetxeak
Euskal Herria: Urretxindorra ikastola – Lemoako ikastexea – Intxixu ikastetxea – Zurbarango ikastetxea – Kukullaga ikastetxea – Artxandape ikastola – La Salle ikastetxea – Kurkuluxetan antzerki eskola – Kukuke antzerki eskola
Kuba: Escuela 26 de Julio (Moncada) – Escuela Frank País – Escuela Arcid Dubergel – Escuela Día de la Victoria – Escuela Americo César Desliz – Escuela Eduardo Ortega – Escuela Pastor Martínez – Escuela Abel Santamaría – Escuela Eduardo René – Escuela 2 de Diciembre.
Filmaren fitxa teknikoa
Zuzendaritza eta Koordinazioa:  Rita Naveira – Koldo Zelestino
Soinu Banda:
• Letra: Joseba Sarrionandia
• Musika:  Danieuris eta Daniellis Moya
• Konponketak: Joserra Gutiérrez
Ekoizlea: Kurkuluxetan elkartea

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude