Ekainaren 11n, Zenbat Gara elkarteak eta UEU erakundeak adostu duten lankidetza hitzarmenaren barnean, Jesus Ibañezen hitzaldia izan genuen Kafe Antzokia kulturgunean. Hitzaldiaren izenburua honako hau izan zen: “Espioitza masiboa egiten digute. Zergatik ote?”
Jesus Ibañez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea dugu, eta Udako Euskal Unibertsitateko kidea ere bai. Hogeita hamarren bat urte daramatza berak irakaskuntzan eta, urteotan informatikari loturiko hainbat esparru jorratu eta irakatsi baldin baditu ere, esan liteke bere espezializazioa segurtasun informatikoa deritzan arloan dagoela.
Hain zuzen ere, berak hain ongi ezagutzen duen esparru horretatik abiaturik, agintariak eta konpainia handiak gu kontrolatzeko zer-nolako tresna eta teknika informatikoz baliatzen diren azaldu zigun hitzaldian.
Konpainia handi horiek guri oharkabean pasatzen zaizkigun baina eurentzat urrea balio duten datuak biltzen dituzte teknika horien bitartez. Jesusek Big Data direlakoak eta metadatuak aipatu zituen, besteak beste, elkarren artean behar bezala lotu eta elkartuz gero, kontrolaren gorengo mailan daudenei gure joera, izaera eta pentsaeraren berri zehatza ematen dieten datuak, hain zuzen ere.
Horrenbestez, Jesus Ibañezen iritzian, ezkutuko eta ageriko zenbait eragilek zuzeneko nahiz zeharkako espioitza egiten digute, hartatik gizarte, politika eta merkataritza arloetan duten nagusitasuna bermatzeko eta areagotzeko asmoz.
Mundu “orwelliar” arriskutsu hau, ezarian-ezarian, gure askatasun apurraz jabe litekeela eta, horretara, herritarrok adi eta erne ibili behar dugula ohartarazi nahi izan digu Jesus Ibañezek hitzaldian.
Bilbo Hiria irratiak Jesus Ibañezi egindako elkarrizketa hemen.
Utzi erantzuna