Bilboko Udalak Kafe Antzokia eta Itoiz musika taldea omendu ditu gaur udaletxeko arabiar aretoan antolatu duen ekitaldian, Euskararen Nazioarteko Egunaren zuzuan. Udalak “esker ona erakutsi gura izan dio Kafe Antzokiari, Gabriel Aresti euskaltegiaren bidez euskara bultzatzeko egin duen lanagatik; izan ere, Antzokia euskaraz jarduteko, euskara ikasten aurrera egiteko eta Bilbon euskal kultura sustatzeko bitarteko bilakatu da”, udal webgunean argitaratu denez.
Kafe Antzokiaren eta Zenbat Gara elkartearen izenean Mikel Urbeltzek hartu du hitza eta, omena eskertzeaz gain, Bilbon euskarak izan duen bilakaera, bere egungo egoera eta bere beharrizan zein erronkak irudikatu nahi izan ditu bost “argazki” edo une sinbolikoren bidez. Bere esanetan, Kafe Antzokiak “euskara eta euskal kultura hiriaren erdigunera ekarri ditu eta hainbat funtzio berreskuratu ditu haur, gazte eta nagusientzat. Dena mundu kooperatibo, zabal, inklusibo eta emankor batetik egina, jende guztiak dakielarik euskaldunak garela eta bertan euskara dela erreferentziazko hizkuntza”.
Hala ere, euskarak Bilbon duen egoerari erreparatzerakoan argi-ilunak marraztu ditu Urbeltzek bere hitzetan, ezagutza eta erabilearen arteko harremanean batez ere: “Ezagutzari dagokionez, Bilbon ez ditu hain zenbaki makalak erakusten, 79.000 euskaldunei beste 64.000 ia euskaldun erantsi behar baitzaizkie, 2011ko erroldaren arabera. Kontua da, hiztun kopurua hori izanagatik ere, zenbaki horiek ez dutela batere parekotasunik erabileraren aldetik, euskarak Bilboko kaleetan duen erabilera maila ez baita %4koa baino haragokoa”.
Gauzak horrela, premia-premiazkoa iritzi dio Urbeltzek erabilera apal hori zuzenduko duten neurriak berandu baino lehen hartzeari: “Ez dirudi bertan goxo luzaroan itxaroten segitzeko astirik eta eskubiderik daukagunik.. Behin zuzendutakoan, noizbait kendu zigutena eta noizbait geure buruari kendu geniona geureganatuko dugu berriro, hots, euskaldun izatearen duintasuna eta harrotasuna”, gehitu du.
Horretarako, Urbeltzen esanetan “beharrezkoa da gure administrazio erakundeek eta herri ekimenetik sortutako taldeek, orain arte ez bezala, elkar harturik, hizkuntza politika serio eta eraginkorra abiaraztea, bakoitzari dagozkion eginkizunak ondo bereizirik eta zehazturik. Hizkuntzaren ezagutzari motibazioa eta erabilera gehitu behar zaizkiola dioen paradigmak zerikusia handia izango du, zalantzarik gabe, biziberritze horretan”.
Urbeltzen esanetan, “Hiri desegituratua daukagu Bilboko euskaldunok; ia dena daukagu egiteko. Bilboko euskaldunen egoera eznormal hau normalizatzen hasi behar dugu. Eta egite horretan, agian, hizkuntza ikastearen doakotasuna eskaintzen has gintezke, zeren eta, ondo pentsaturik, munduan nongo herritan ordaindu behar da nork bere hizkuntza ikasteagatik? Haur eta gazteen jolas eta aisialdi premiekin segi genezake, langabetuak, etorkin berriak eta enparauak ahaztu gabe. Eta abarren abarra, beharrak ase eta agortu arte”.
Diskurtso osoa Kafe Antzokiaren webgunean irakur daiteke.
Utzi erantzuna