Go to Top

Assemblea EH-ren aurkezpena eta giza V erraldoia asteartean Bilbon

Kataluniako Assemblea Nacional Catalana erakundeak bere Euskal Herriko biltzarra aurkeztuko du irailaren 9an 20:00etan Bilboko Kafe Antzokian egingo duen ekitaldian. Aurretik, 18:30ean, Assemblea-k mundu osoko hainbat hiritan deitutako #votecatalonia deialdiari erantzunez, pertsonez osatutako V erraldoia irudikatzeko kontzentrazioa egingo da Done Bikendi kalean, Kafe Antzoki parean.

assemblea-eh-logo

Azaroaren 9an Kataluniak bere etorkizuna erabakitzeko herri-galdeketa egingo du, Espainiako gobernuak galdeketa eragotziko duela esan duen arren. Irailaren 11n, Diada egunez, milaka lagun daude deituta Bartzelonako kaleetan, Corts eta Diagonal etorbideen artean V erraldoia irudikatzeko. Ekimen hau ANCk antolatutako hirugarren deialdi handia izango da, Iaz bi milioi lagun bildu ziren “Via Catalana” ekimenean, 400 kilometroko giza-kate erraldoia eginez.

Bilbon ere izan zuen bere isla iazko deialdiak, Diada egunean Albia lorategietan osatutako giza katearekin. Aurten munduko hainbat hiritan daude deituta mobilizazioak, eta Bilbon 18:30ean osatuko du ANCk bere V erraldoia Done Bikendi kalean. Ondoren, 20:00etan Euskal Herriko taldea aurkezteko baliatuko dute deialdia bertoko ANCko kideek.

Astearteko aurkezpen ekitaldian, bertoko ANCko kideez gain, Assembleako lehendakariorde Jaume Marfanyk hitz egingo du eta Gorka Knörrek ere parte hartuko du, besteak beste L’estaca abestuz.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude