Go to Top

“Gerezien denbora”, Lapurditik datorren hiri-pastorala larunbatean Barakaldon

Otsailaren 7an Barakaldo Antzokian Gerezien denbora pastorala taularatuko da. Industrializazioak Baionako gizartean eragindako talka azaltzen duen herri-antzerkia dugu Ezkandrai taldeak moldatutako lan hau. Antzekotasun historikoez beste, pastoral postindustrial hau Bizkaiko Ezkerralderaino ekartzearen arrazoia mugaz bi aldeetako elkar ezagutza bultzatzea da. Horregatik, Topatour ekimenak, aktoreentzat ez ezik, Lapurditik hurbilduko diren lagunentzat industria-ondarearen inguruko egun-pasa osorako egitaraua prestatu du. Orotara 300 lagun inguru ibiliko dira Barakaldon, Bilboko Portuan, Vicinay lantegian eta La Naval zein Murueta untzioletan egingo diren bisita gidatuetan.

Baiona ondoko Bokalen ezarri ziren altzairutegiak XIX. mende bukaeran. Itsasotik ekartzen ziren industria horrek beharrezkoak zituen burdin mea eta erregaiak. Horrek, paisaian ez ezik, gizartean ere eragin zituen aldaketak: estreinakoz proletariotza sortu zen, etorkinak agertu eta beste kultura eta pentsamolde batzuk agertu ziren ordura arte nekazal giroa zen inguruan. Nagusi kapitalistak, grebak eta langile-mugimendua azaltzen dira antzezlan honetan, gerretatik igaro eta azken urteotako birmoldaketa zein deslokalizazio prozesuetaraino.

Lapurditik Barakaldora ekarrita, burdin meak Bizkaitik Bokalera egiten zuen bidea alderantziz egingo du Gerezien denbora pastoralak. Paralelismoak ere agerikoak dira, gizarte-aldaketa eta gatazka beretsuak ezagutu baitzituen Ezkerraldeak Bizkaian.

Zuberoatik kanpo prestatu eta antzeztutako lehenbiziko pastoral honetan 120 lagun inguruk hartzen dute parte, gehienak Lapurdin bizi diren zuberotarrak. Pastoral post-industriala bezala definitzen dute Ezkandrai taldeko kideek “Gerezien denbora”. Itxaro Bordak idatzi eta Beñat Achiaryk moldatu du eta, Zuberoako pastoralen kanon tradizionalak errespetatzen baditu ere (jelkaldiak, bertsoak, pertsonaia-multzoak…), pasarte batzuetan musika elektro-akustiko eta anplifikatuak, jazza eta perkusio garaikideak ditu. Musikak berebiziko garrantzia du pastoral berezi honetan, zineman duen rola hartuta. Bestalde, antzezleak ez dira denak zuberotarrak eta ez dute zubereraz kantatzen, batueraz baizik.

Bisita gidatuak industria eta ondarea ezagutzeko
Emanaldi hau abiapuntutzat hartuta, lapurtarrei Bilboko itsasadarra eta haren industria-ondarea ezagutzera ematea hartu dute helburutzat Topatour ekimeneko antolatzaileek. Euskal kultura barneko zein kanpoko bisitariei hurbiltzeko helburuz sortu den ekimen honek, Gerezien denbora pastoralak jorratzen duen industrializazioaren testuinguru historiko eta fisikoa bertatik bertara ezagutzearekin batera, mugaz bi aldeetako elkar ezagutza bultzatu nahi du. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu du Baionan egunpasa horretan izena emango duten lagunentzat.

Hala, Bilboko itsasadarra eta bere historia ezagutu ahal izango dute itsasontziz, Barakaldoko industria-ondarea ezagutuko dute bisita gidatuen bidez eta bertako industriaren historia ezagutzeko ibilbide gidatuetan ibiliko dira lapurtar eta bizkaitar franko, besteak beste, Ilgner pabiloi bergaitu berria bisitatuta.  Bestalde, oso gutxitan zabaltzen diren tokiak bisitatzeko aukera izango dute, hala nola, La Naval eta Murueta untziolak eta Vicinay kate-fabrika. Azken hiru horietarako sarrerak agortu ostean, antolatzaileek beste bisita bat hitzartu dute azken orduan: 55 lagunentzako bisita gidatua Bilboko Portuaren kanpo-portua ezagutzeko. Orotara, 200 lagun ibiliko dira larunbateko bisita gidatu horietan.

Biharamunean, antzezpenean esku hartu duten 100 lagunek Bilboko itsasadarra eta Bilboko hainbat leku interesgarri ezagutu ahal izango dituzte. Guztira, 10 bisita eta ibilbide gidatu izango dira asteburuan. Ekimena Akitania-Euskadi euroeskualdeak babestu du eta Baionako, Barakaldoko zein Bilboko udalek lagundu dute antolaketan.

gerezien-bonoa

Sarrerak eta bonoak
Gerezien Denbora pastorala Barakaldo Antzokian taularatuko da otsailaren 7an (larunbata), 17:00etan. Informazio gehiago Barakaldo Antzokiaren webgunean.

Sarrera soilak (12€ / 15€)Barakaldo Antzokian eros daitezke, baita Kutxabank-en orotariko kutxazainetan eta Kutxabank-en sarrera salmentarako webgunean ere. Halaber, Bilbon Kafe Antzokian eta Zenbat Gararen bulegoan dira salgai.

Pastoralaren emanaldiaz gain, Bilboko itsasadarraren industria bizia eta industria-ondarea ezagutzeko jardunaldi osoa antolatu du Topatourrek, bisita gidatu interesgarriz betea,  egun osorako bono berezi batzuen bidez. Bono horiek Baionako Herriko Etxean dira salgai urtarrilaren 21etik aurrera. Bono horretan bisita gidatu bat, bazkaria eta pastorala bera sartzen da 25 €ren truke. Hegoaldean bonoak lortzeko, telefono honetara deitu beharko da: 615 767 448.

,

4 Responses to "“Gerezien denbora”, Lapurditik datorren hiri-pastorala larunbatean Barakaldon"

  • “Gerezien denbora” kantuaz eta bere esanguraz | Sarean
    2015/02/06 - 15:50 Reply

    […] hastapenak, lehenengo grebak eta errepresioa ageri dira Gerezien denbora pastoralean. Larunbatean Barakaldon izango dugun pastorala bertara ekartzea oso ideia aproposa izan da, bertan, industriak eta bera posible egin […]

  • “Gerezien denbora”, Lapurditik datorren hiri-pastorala bihar (larunbata) Barakaldon
    2015/02/06 - 19:52 Reply

    […] Emanaldi hau abiapuntutzat hartuta, lapurtarrei Bilboko itsasadarra eta haren industria-ondarea ezagutzera ematea hartu dute helburutzat Topatour ekimeneko antolatzaileek. Euskal kultura barneko zein kanpoko bisitariei hurbiltzeko helburuz sortu den ekimen honek, Gerezien denbora pastoralak jorratzen duen industrializazioaren testuinguru historiko eta fisikoa bertatik bertara ezagutzearekin batera, mugaz bi aldeetako elkar ezagutza bultzatu nahi du. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu du Baionan egunpasa horretan izena emango duten lagunentzat. Lapurditik Barakaldora ekarrita, burdin meak Bizkaitik Bokalera egiten zuen bidea alderantziz egingo du Gerezien denbora pastoralak. Paralelismoak ere agerikoak dira, gizarte-aldaketa eta gatazka beretsuak ezagutu baitzituen Ezkerraldeak Bizkaian. Albistea osorik irakurri hemen. […]

  • errotabehere Agustin
    2015/02/10 - 12:00 Reply

    milesker zuen harrera “amultsua eta beroarentzat” . Guretzat egun oroitgarriak izan dira eta bihotz bihotzetik milesker eta …. EZ ADIORIK Agustin

  • Maria-Jose Azurmendi
    2015/02/11 - 12:54 Reply

    Zein ekimen eta ekintza ederra! Ni donostiarra izanik, oraingoan behintzat, enbiditan gelditzen naiz!
    1. Ekimena aldetik, interesgarria iruditzen zain nola antolatua izan den, nola EHko Iparraldea eta Hegoaldea parte hartzen duten, batzuek besteengandik denak ikasi nahian, …, helburua izanik EHko lurralde guztien “artekotasuna” erabiltzea eta indartzea.
    2. Ekintza bera ere interesgarria: 1) bai gure historian sartuz, ikasai+irakatsi bultzatuko duzuelako, 2) baita ere “pastorala” modua erabiliz, gure kultura bultzatuko duzuelako, kultura tradizionala+berritua.
    Aurrera ba!!!, eta gehiago antolatu!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude