Bilboko ALGARA konpartsa euskaldunak denetariko ekitaldiak programatu ditu Bilboko Aste Nagusirako, Areatzako zubi ondoan, Bailen kalean, ezarriko du txosna ALGARAK, urtero legez.
Egunez egun, Juan Antonio Urbeltzek gidatutako dantza irekiko saioa, izango dugu igandean, eta euskara ikasleen bazkaria astelehenean. Asteartean herri bazkaria Txarli eta Joselu kantariek lagunduta, eta Igor Elortza, Josu Zabala, Rafa Rueda eta Unai Iturriaga partaide dituen Kargak & Deskargak taldearen emanaldiarekin. Asteazkenan, Ipar Euskal Herriari dedikatutako egunean, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren eta Baigorriko Etxauzia ekimenaren aldeko bazkaria izango da, Anje Duhaldek kantuan lagunduta. Triki eta bertso bazkaria egongo da ostegunean eta, bertan, Roberto Etxebarriaren triki eskolako ikasleek girotuko dute Bortziriak, Urretxu-Zumarraga eta Bilboko Potojorran bertso eskolen arteko “Bertso Truk” desafioa.
Gauetan giro ederra sortuko da aurten ere ALGARAn: Iron Lion Bob Marleyren gorazarre taldea, Akatz eta Thunderclap Sound System izango ditugu igande gau jamaikarrean. Astelehenean TT Syndicate, The Limbos, Moonshine Wagon izango dira kontzertuan, ondoren Twist! eta Shout! DJekin jarraitzeko. Asteartean, Ero, Tooth eta Fetitxe, ondoko gau elektronikoan Cora Novoa eta Normal’s Killer. Asteazkenean, Vulk, Yellow Big Machine eta Lukiek zuzenean eta, ondoren, El_Txef_A eta Les Alsborregach plateretan. Ostegunean berriro erritmo karibetarrak izango ditugu Pagasarri Ska All Stars, The Euskatalites eta The Sustraians Revue taldeen kontzertuarekin. Ostegunean Priscilla Band, Mud Candies eta Berta Bittersweet bilbotarren kontzertuak izango ditugu eta ondoren, larubat gauean bezala, DJ Bullek gaua girotuko du bere musika aukerarekin.
Haurrentzako ekitaldiak izango dira ZAPARRADA haur konpartsa euskaldunaren eskutik.Igandean txupina eta disko dantza izango dute, Marijaiaren laguntzarekin; astelehen arratsaldean antzerkia (Zirtaka taldearen “Zu eta ni sudurluze bi” antzezlana) eta txokolatea bizkotxoekin; astearte eguerdian ogi tailerra, ostegunean tailerra eta pertsonaiekin argazkiak eta, ostiralean, Zaparrada bazkaria eta ur borroka izango dute. Ikusi egitaraua osorik hemen.
Bilbo Hiria irratiak zuzenean egingo du Aste Nagusiaren jarraipena, ALGARA txosna ondotik, igandetik ostiralera egunero 12:00etatik 14:00etara egingo dituen irrati saio berezien bidez. Bertan, elkarrizketak, erreportajeak entzun ahal izango ditugu, konpartsen, konpartsakideen, herritarren, udal ordezkarien, artisten eta bisitarien ahots ugarirekin.
Orain algara.org algara.eus da
Egunotan helbide aldaketa egin du ALGARA konpartsaren webguneak, .eus domeinura igarota. Aurrerantzean www.algara.eus domeinuan aurkituko duzue. Puntueus fundazioaren eskutik, euskarazko edukiak eta euskaldunon komunitatea nabarmentzeko sortutako ekimena da .eus.
Aste Nagusiko kontzertuak Kafe Antzokian
Bilboko Kafe Antzokian ere kontzertuak izango dira Aste Nagusian: abuztuaren 19an (larunbata) Ana Curra eta Serpiente; 24an (osteguna) viva Belgrado eta Meido taldeak; 25an (ostirala) La Banda Trapera del Río eta Turbofuckers eta 26an (larunbata) Biznaga eta El ultimo Vecino taldeak izango dira.
Utzi erantzuna