Go to Top

Bilbo Hiria irratiak 20. urteurren festa ospatu eta diskoa aurkeztuko du gaur Kafe Antzokian

Bilbo Hiria irratiak hogei urte betetzen ditu aurten. Urtemuga biribila ospatzeko, besteak beste, 20 urtez euskal taupada diskoa osatzeko erabakia hartu zuen irratiak, eta gaur aurkeztuko da CDa jendaurrean, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Diskoan beste hainbaten artean esku hartu duten Zea Mays, Petti eta Anje Duhalde izango dira zuzenean aurkezpenean. Diskoa aurkezteko eta hogei urte hauek hurbileko irratizale eta irratigileekin ospatzeko beta hartu nahi dugu gaurkoan, lagun arteko giroan, zuzeneko musikak eta zizka-mizka batzuek lagunduta. Ekitaldi irekia izango da eta Bilbo Hiriaren entzule eta lagun guztiak zaudete gonbidatuta (Bilbo Hiriatik ekarria).

Josu Zabalaren gidaritzapean, zenbait euskal musikarik osatutako bilduma bitxia dugu, berariaz egindako bertsio eta kolaborazio bereziak biltzen dituena:

  • Ama Euskal Herria (A. Duhalde eta Aire ahizpak)
  • Egun argian (Mikel Urdangarin eta Izaro)
  • Ez da posible (Ruper Ordorika, Rory McLeod)
  • Hondarretik Ondarroara (Zea Mays eta Cris Lizarraga)
  • Sutan nago (Txuma, Petti, Rafa Rueda)
  • Soluzioa (Hedoi Etxarte, Maisha MC)
  • E, lagun (PiLT, J.P. Lohian)
  • Gora gu eta gutarrak (Xabi Aburruzaga eta Bilbo Hiria irratiko lagunak)

Erroa argitaletxeak argitaratuko du CDa eta gaurko aurkezpenean, Bilbo Hiria irratian, Zenbat Gara elkartearen bulegoan salgai izango da, 10 euroko prezioan (dendetan 14 euroko salneurria izango du). Durangoko Azokan ere aurkeztu eta salgai jarriko du Erroa argitaletxeak.

 

Hogei urtez hiriko uhinak euskarazko kultura edukiekin hornitzen saiatu gara gure xumean, zor gatzaizkion euskaldunon komunitate txikiari ekarpen duina egiten. Diskoaz gain, aurten, beste ekimen batzuk jarri ditugu abian Bilbo Hiriaren 20 urteok ospatzeko: auzoz auzo ekimenean Bilboko hainbat auzotatik saio bereziak egin ditugu auzo horien berri emateko, eta irrati saio bereziak egin ditugu, gure saiogile eta kolaboratzaileekin maiatzean egin genuen saio berezia kasu.

Aurrerapen moduan hona hemen irratiko kideon artean abestutako Gora gu eta gutarrak abestia MP3 formatuan:

Bideo honetan irratiaren hastapenak oroitzen ditu Anje Duhaldek, Aire ahizpekin diskorako egindako grabaketa saioan:

[youtube id=”M8KOF9UFZOA” width=”620″ height=”360″]

 

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude