Go to Top

Durangoko Azokan aurkeztuko ditugu aurtengo ekoizpen berriak

Gaurtik igandera bitartean, urtero bezala, Durangoko Azokaren 52. edizioan izango gara, Erroa argitaletxearen nobedade guztiak aurkezten. Gure erakustokia Landako gune barruko Artekale kaleko 15.ean egongo da eta bertan izango ditugu aurten gure liburu eta disko berriak, eta ostiralean aurkeztuko dira Ahotsenean, 12:00etan. (Erroa argitaletxearen webgunetik ekarria).

Liburuei dagokienez, aurten Zirimiri bilduma eraberrituaren lau liburu berri aurkeztuko ditugu aurten, tartean bi ipuin bilduma berri: Euskal Herriko ipuin tradizionalak jasotzen dituen Behin batean liburua batetik eta, bestetik, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat idazle ezagunek idatziriko kontakizun aukera ederra den Bertoko eta bertako ipuin laburrak. Bestalde, Gara argitaletxaren bi bestseller eguneratu ditu Erroak, testuak editatuta eta maketatuta: Xabier Monasterioren San Braulioko eroa eta Guy de Maupassant-en Ipuin beldurgarriak. Guztiak egoki mailakatutako euskara errazean daude idatzirik eta den-denek, testuekin batera, lanketa didaktikoak dakartzate liburu barruan bertan.

Bi disko izango ditugu, hurrenez hurren, Bilbo Hiria irratiak bere 20. urteurrenaren karietara atera duen 20 urtez euskal taupada abesti bilduma bitxia eta Kurkuluxetan kultur elkarteak aurkeztuko duen Ongi etorri lagun! CDa, herrien arteko eta haurren arteko elkartasunaren balioak bultzatu nahi dituen diskoa.

Bestalde, 2018an etxe askotako sukaldeak apainduko dituen egutegia salgai izango dugu gurean, iazko azokan J.C. Etxegoien Xamar dibulgatzaile apartak aurkeztutako Etxea liburuko euskal etxe sorta ederra jasotzen duen egutegi ikusgarria.

Amaitzeko, aipatu behar dugu, aurreko urteetan egin bezala, Bilbo Hiria irratiak azokaren jarraipena egingo duela bere webgunean erreportaje eta elkarrizketarik interesgarrienak argitaratuz. Aurtengo nobedadeen jakitun izan nahi baduzu, bisita ezazu Durangoko Azokaren gaineko atal berezia bilbohiria.eus webgunean.

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude