Go to Top

Aresti eta bere garaia gogora ekarriko ditugu Euskaltzaindian ostiraleko jardunaldian

Gabriel Aresti eta bere garaia ekarriko ditugu gogora urriaren 19an Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak antolatutako jardunaldian. “Hizkuntza biziberritzearen bidegileak: inguruabarrak (1960-1975)” titulupean, 60ko eta 70eko hamarkadak euskalgintzan zergatik eta zertan izan ziren erabakigarriak gogoratuko dugu. (Gabriel Aresti Kultura Elkartetik ekarria).

Gazte belaunaldi batek hartu zien lekukoa garai bateko idazle eta kulturgileei, eta inguruabar horretan sortu ziren, besteak beste, gau-eskolak,
ikastolen mugimendua, Anaitasuna aldizkaria, Lur argitaletxea, Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak… Marko horren barruan ere antolatu zen Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko biltzarra, 1964an Baionan egin zenaren segida historikoa.

Gabriel Arestik berta-bertatik bizi izan zituen gertakari horiek, eta giro berriaz blaitu zen, goitik behera. Blaitu bakarrik ez; bera izan zen suspertze prozesu horren eragileetako bat. Gabriel Arestiren orduko ahaleginak azpimarratu eta euskal kulturaren abantean parte hartu zutenen lana gogoratuko dugu jardunaldi honetan.

Hainbat lagunek hartuko dute parte egun osoko jardunaldian eta Bilbo Hiria irratiak goizeko saioa eskainiko du zuzenean bilbohiria.eus webgunean eta 96.0 FM frekuentzian.

EGITARAUA

09:30 Sarrera (Juan Mari Aburto, Andres Urrutia eta Xabier Monasterio)
Iñaki Ziarrusta eta Oier Guillan (“Mailu biluzia” antzezpena I)

10:00 Xabier Kintana (Batuaren hastapenak, Baionatik Arantzazura)
Moderatzailea: Amaia Jauregizar

10:30 Maite Idirin-Jokin Apalategi-Ur Apalategi (60ko hamarkadako ikuspegi bat)

11:00 Arantza Garmendia eta Iñaki Zarraoa (60ko eta 70eko hamarkadak: irakaskuntza, materialgintza, SAIOKA metodoa)

11:30 Kaferako tartea

12:00 Jose Ramon Etxebarria (Anaitasuna, Jakin…)
Moderatzailea: Miren Rubio

12:30 Iñaki Aldekoa (1960-1975. Euskal literaturaren bizkortzea)
Aurkezpena: Iñaki Mendizabal Elordi

19:00 Rogelio Botanz eta Rafa Rueda (Arestiren poema musikatuak)
Udane Goikoetxea (Gabriel Arestiren poemak -irakurraldia-)

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude