Go to Top

Barnetegiak udan, Bakaikun eta Bilbon, gazte eta helduentzat

Hasi da uda Gabriel Aresti euskaltegian. Beharrezko segurtasun-neurri guztiekin, eta kopuru txikiko taldeetan, ekainean hasi dira klaseak Bilbon. Hainbat talde sortu dira, baina segurtasunagatik ikasle-kopurua mugatu behar izan du euskaltegiak. Bakaikuko etxean ere, udaro bezala, barnetegiak antolatu ditu, talde txikietan eta segurtasun-neurri berekin. Uztailean gazteentzako barnetegiak egongo dira, bi txandatan banatuta, eta abuztu-irailean helduentzako barnetegiak izango dira.

30 urte beteko ditu aurten Bakaikuko barnetegiak, etxea dexente lehenagokoa den arren. XIX. mendeko baserri dotorea aukeratu zuen 1990ean Gabriel Aresti euskaltegiak bere barnetegiak antolatzeko. 2014an eraberritutako etxeak edukiera eta segurtasun irizpide guztiak betetzen ditu. Ospatzeko moduko efemeridea da 30. urteena, baina ospakizunak gutxienez udazkenera arte atzeratzea erabaki du euskaltegiak, jende pilaketak momentuz ekidin behar direnez gero.

Euskal Herriko maparen erdi-erdian dago Bakaiku, Nafarroako Sakanan. Herri txikia da, mendiz eta naturaz inguratua, eta barnetegia pizgarria da herriarentzat, udaro, baita urte osoan beste hainbat alditan ere, euskaran murgiltzen ari diren ikasleen ahotsez bete ohi dira Bakaikuko bazter guztiak (ikus Tribuaren Berbak saioaren bideoa).

Ikastaro trinkoak eta aurrez aurreko telematikoak ere bai
Barnetegiak ez dira aukera bakarra aurten euskara ikasi nahi duenarentzat. Gabriel Aresti euskaltegiak udako ikastaro trinkoak antolatu ditu Bilbon, egunero bost ordukoak, uztail, abuztu eta irailean. Irailean B2 eta C1 mailetako azterketak prestatzeko hiru orduko ikastaroak ere eskainiko ditu, goizez zein arratsaldez. Kasu horretan B2 eta C1 maila gaindituta edukitzea beharrezkoa izango da.

Ikastaro telematikoei dagokienez, orain arteko autoikaskuntza (Boga) online ikastaroez gain, aurten aurrez aurreko online ikastaroak antolatu ditu euskaltegiak, non eskolak astelehenetik ostiralera egunero hiru orduz emango diren baina modu telematikoan.

Itxialdian egon gara oraintsu arte, eta orain hankak luzatzeko eta mingainak askatzeko garaia heldu zaigu!

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude