Go to Top

“GRAMATIKA ikusi eta ikasi A1/A2” liburua aurkeztu du ERROAk

GRAMATIKA ikusi eta ikasi A1 / A2 liburua aurkeztu du gaur ERROA argitaletxeak, Bilboko Kafe Antzokian. Gramatika ikasteko era ikusgarrian eta “ikaslearen tokian jesarrita” prestatu dute liburua. “Ikasle on batek hartuko lituzkeen apunteak” bezala definitu du liburua Arantza Madariagak, edukiak koordinatu dituen didaktikariak.

ERROA argitaletxeko editore Xabier Monasteriok hartu du hitza lehenik,¬†eta azaldu du euskara ikasteko liburu didaktikoa argitaratzeari aspaldi ekin ziola Zenbat Garari lotutako argitaletxeak. Horren adibide gisa aipatu ditu Zirimiri bilduma eta Euskara errazean bilduma.”Gramatika arloa abiatzen dugu orain, didaktikarekin lotua beti ere, guk jakin baitakigu gramatika baino askoz ere eghiago dela, baina egia da gramatikaren beharra dagoela, arau batzuen inguruan egituratzen delako irakaskuntza”. Hala ere, Monasteriok zehaztu duenez, “sen hutsez edo modu formalista batean egin daiteke gramatika, eta gu kritikoak izan gara beti gramatika eredu formalistekin, hizkuntza formula batzuetara ekarri delako, terminologia konplexu batera. Guk, ordea, ikuspegi praktikoagoarekin begiratzen diogu gramatikari, eguneroko gauzetan lagunduko digun gramatika egin nahi izan dugu”.

Orain arteko gramatikak “irakaslearen aulkitik eginda eta pentsatuta” daude Monasterioren iritziz, “eta gu, ordea, ikaslearen aulkian jesarri gara, ikasle jendeak izaten dituen aurriritziak izan ditugu kontuan, eta horiek baztertzen, gezurtatzen saiatu gara”, esan du Erroako editoreak. Bestalde, grafiko eta irudi ugarirekin hornituta, “eskuliburu autonomoa, norberak erabil lezakeena” egin dutela esan du Monasteriok.
Liburua Zenbat Gara elkartearen hainbat ekimenen arteko emaitza da, Monasteriok azaldu duenez. “Erroa argitaletxeaz gain Gabriel Aresti euskaltegiaren didaktika arloa eta Atoan! komunikazio bulegoaren diseinua daude hor, sintonian”, zehaztu du.


Ezkerretik eskuinera: Xabier Monasterio, Leire Fernandez eta Arantza Madariaga.

“Ikasle on baten apunteak”
Liburuko edukien koordinazioa egin duen Arantza Madariaga didaktikariaren esanetan, liburuan jasotzen direnak “Ikasle on baten apunteak lirateke”. Madariagak azaldu duenez, “mailaka egituratua dago eta HABEren curriculumera egokitua; gaiak klasean ematen diren bezala ageri dira, orden zehatzik gabe; bisuala da, ez teknikoegia; kolore asko ditu, hizkuntza ez delako grisa; eta euskara hutsean dago liburua, pentsaezina delako hizkuntza bat ikastea beste hizkuntza batean”.

Madariagak azaldu duenez, jardunean dabilen “Irakasle talde aktibo batek egin du liburua, ikasleen kezkak eta zalantzak ondo ezagutzen dituena, ez filologo orojakile batek”. Orrialde batzuk erakutsiz azaldu du Madariagak liburuak naturaltasuna eta erraztasuna bilatzen duela, didaktika ikusgarri baten bidez. Liburuaren azken partean ariketak txertatu dituzte didaktikariek, “bakoitza gaia eman den orrialdearekin lotuta”, zehaztu du Madariagak.

Diseinu berdinzalea
Ideiak era erraz eta naturalean helarazten saiatu dira diseinuaren bidez ere. Liburuaren diseinatzaile Leire Fernandezek aurkezpenean esan duenez, “argazkien aldeko apustua egin dugu, eta argazkiotan ‘benetako jendea’, jende naturala, agertzen saiatu gara”. Berdintasunaren aldeko jarrera aktiboa du liburuak, Fernandezen arabera. “Estereotipoak apurtzen saiatu gara, adin guztiak islatuz eta genero berdintasuna kontuan hartuz”, azpimarratu du diseinatzaileak. Bestalde, zitrikoen irudiekin lotuta, freskotasuna eta alaitasuna islatzen ditu liburuaren diseinuak..

Liburua Durangoko Azokan aurkitu ahal izango dugu, lehenik, abenduaren 5etik 8ra, ZENBAT GARA – ERROAren erakusmahaian (Goienkale 12, Landako gunean) eta, ondoren, Euskal Herriko hainbat liburutegitan eta Zenbat Gara elkartearen egoitzan salgai egongo da 25 euroan.

, ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude