Atsegin handiz iragarri behar dizuegu gaurkoan jaso dugun albiste pozgarria, gure lagun eta Zenbat Garako kide Juan Carlos Etxegoien Xamar idazle eta dibulgatzaileak Euskadi Saria jasoko du euskarazko saiakera atalean, iaz argitaratutako Etxera Bidean liburuagatik. Iazko urrian aurkeztu zigun, Bilbo Hiria irratian, Kafe Antzokian eta beste hainbat lekutan, eskualde baten eta belaunaldi baten gorabeherea soziolinguistikoen kontakizun autobiografikoa den Etxera bidean hau. Gaur Bidebarrieta liburutegian izan den prentsaurrekoan Bingen Zupiria Kultura Sailburuak iragarri du Xamarrek saria jasoko duela eta, harekin batera, Isabel Etxeberriak (euskarazko itzulpengintza), Ramon Ederrek (gaztelaniazko literatura) eta Daniel Innerarityk (gaztelaniazko saiakera) ere jasoko dituztela iragarri du. Aurreko astean iragarritakoekin batera, denek jasoko dituzte sariok, azaroaren 18an, Donostiako Tabakaleran izango den ekitaldian.
Zupiria Sailburuak azaldu duen bezala, Aezkoan belaunaldi batek izan zuen galera lingusitiko eta kulturala nolakoa izan zen kontatzen du Xamarrek liburuan. Arlo editorialeko egilez osatutako epaimahaiaren arabera Xamarrek “trebezia handiz darabil luma eta idazkera arin eta, aldi berean, jasoaz, ondu du Etxera bidean“.
Desagertzen ezagutu zuen mundu hura, liburuan jasotakoa nolakoa izan zen galdetuta, Xamarrek “oroimen historikoarekin” lotu du liburuko testigantza. “Gerrarekin lotzen dugu normalean kontzeptua, armekin-eta. Gure belaunaldia gerratik hogei urtera sortu zen eta, hala ere, gerraren ondorioak pairatu genituen. Gu Aezkoan 70eko hamarkadan nerabeak ginen eta gabezi batean bizi ginela ohartu ginen, ebatsia ziguten herria, hizkuntza, eta harrituta gelditu ninen horrek dakarren guztiarekin”, esan du Xamarrek. Horren ondorioz euskara baztertu eta ahaztea deliberatutako belaunaldia zela konturatu zirela kontatzen du Xamarrek liburuan. “Gure gurasoen belaunaldiak basaki pairatu zuen hizkuntzaren eta kulturaren transmisioaren etena eta harritu ginen jakin genuenean gura nagusiak euskaldunak zirela, ez baikenekien. Etxetik kanpo erran zidatenn: ‘Zure amatxik badaki euskaraz elekatzen’, eta nik ezetz erantzuten nuen. Etenaren sakona erakusten duen anekdota da, sinistu genuen bagenuela zerbait hor, hutsunea genuen, herri mailan ez ezik, pertsona mailan ere, hortik abiatu genuen gure lana gure herria ezagutzeko” azaldu du Xamarrek.
Etxe hura berreskuratu den galdetuta, “bistan da ezetz, eta beldur naiz ez ote garen gero eta urrunago” erantzun du Xamarrek. “baina herri mailan bederen zerbait egin zen, garai hartan ameskeria baitzen pentsatzea Aezkoako haurrek guztiek euskaraz ikasiko zutela eta egia da egun denek ikasten dutela. Problema da herri txiki horiek husten ari direla” erantsi du idazleak.
Juan Carlos Etxegoien, Xamar, irakasle, soziolinguista eta euskararen estatusagatik kezkatutako dibulgatzaile argia dugu, Orekan, Orhipean eta Hizkuntzen. Gure historian zehar, herriaren eta hizkuntzaren arteko baitezpadako eta erabateko loturak azaldu zituen Orhipean. Gure Herria ezagutzen liburuan (Pamiela, 1992), gerora hainbat hizkuntzatara itzulia, ondoren etorri ziren Orekan. Herri eta Hizkuntzen ekologiaz (Pamiela, 2001) eta Euskara Jendea Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza (Pamiela, 2006) liburua. Azken honetan oinarrituta, sei DVDz osatutako Euskara Jendea dokumental sorta argitaratu zuen Zenbat Garak 2013an. Duela hiru urte, berriz, Euskal Herrian etxearen kontzeptuaz hainbat alderditatik diharduen Etxea. Ondarea, Historia, Mintzoa (Pamiela-Erroa, 2016) argitaratu zuen.
Utzi erantzuna