Go to Top

Algara konpartsak 25 urte beteko ditu aurtengo Aste Nagusian

Zenbat Gararen eskutik, jaiak Bilbon euskaraz bizi ahal izateko sortu zuen duela 25 urte Algara konpartsa euskalduna. Denbora honetan erreferentzia ukaezina bihurtu da Aste Nagusia euskaraz bizi nahi dutenentzat, eta bere programazio oparoarekin ekarpen handia egiten dio jaiari, jai giroan eta Bilboko Konpartsen baitan euskararen erabilera hitzekin eta ekintzekin sustatuz.

Hemen duzue ALGARA konpartsan 2019ko Aste Nagusirako prestatu dugun egitaraua, konpartsaren webgunetik ekarria. Aurten 25 urte beteko ditu Abandoko konpartsa euskaldunak, eta ederto ospatuko dugu bederatzi eguneko aste berezi honetan. Egunez zein gauez, adin eta gustu guztietarako ekitaldiak egongo dira.

 

Egunez izango ditugunak aipatzen hasiko gara lehenik:

Lehenengo egunean, txupina jaurti aurretik, motorrak berotuko ditugu 25 urteurrena ospatzen hasiko garen bazkarian, ostean txupinaren kalejirara abiatzeko.

Igandean, txupin osteko ajea uxatuko dugu Algara plazan, Urbeltzen Dantza Ganbararekin.

Astelehenean, euskara ikasten ari direnen egunean, jokoak, dantza saioa, paella lehiaketa eta mintzaplatika bazkaria izango dugu.

Bertso eta triki eguna izango da asteartea, Roberto Etxebarria eta bere trikitilari eskolako ikasleekin poteoa eta ondoren bertso bazkaria egingo dugu. Iazko arrakastaren ondoren, aurten berriro bertsolari gazteen sariketa izango da Algaran.

Asteazkena Iparralde eguna izan ohi da gurean, eta aurten Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aldeko herri bazkaria izango dugu bertako lagunekin.

Ostiralean Algararen 25 urteak ospatuko ditugu urte hauetan guztietan lagun dugun Anje Duhalderekin eta bere taldearekin, oso kontzertu berezian.

Egunero Bilbo Hiria irratiak Aste Nagusiaren jarraipena egingo du, aurreko urteotan bezala, astelehenetik ostiralera 13:00etan egingo dituen zuzeneko saioen bidez. Jaien protagonista ugari pasatuko dira Bilboko euskal irratiaren mikrofonoetatik. Bestalde, Zaparrada Konpartsak ere haurrentzako hainbat ekitaldi antolatu ditu Algararen karpapean: Disko-dantza saioa, txokolatea, ogi tailerra, Ongi etorri lagun! antzerki emanaldia, herri kirolak, Zaparrada bazkaria eta ur borroka.

Gauez izango direnen artean, igandean Akatz eta Micky & The Buzz izango ditugu, hurrenez hurren, ska eta rockabilly-swing estiloak jorratzen dituzten bilbotar taldeak.

Astelehenean hard rock bertsioen gaua izango da, izan ere,  Bon Scott Revival Show taldearekin AC/DC taldea fidelki berraragiztatzen duen ikusgarriaz gozatuko dugu lehenik eta, ondoren, 70eko eta 80ko urteen hard rock eta heavy talde askoren bertsioak egiten dituen The Unholy Covers bermeotar taldea izango dugu.

Asteartean, lehenengo Joseba Irazoki beratarra izango dugu bere taldearekin, eta, ondoren, Mungiako TOC rock taldea.

Asteazkenean, jamaikar doinuen gaua izango da gurean, aski ezagunak diren New York Ska Jazz Ensemble taldea eta MG Banda arratiar reggae taldearekin.

Ostegunean doinu gogorragoen txanda izango da, batetik Lisabö eta, bestetik Niña Coyote eta Chico Tornado izango baititugu.

DJ saioak ere aipatu behar ditugu, izan ere, gauero izango dira, hurrenez hurren, Ekaitz (larunbata), Twist (igandea), Easyer 2b2 Alfred Adler (astelehena), Telmo Trenor (asteartea), Chelis (asteazkena), Bihotza (osteguna) eta Ekaitz (ostiral-larunbata).

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude