Go to Top

Pott bandaz, ziutateaz eta bestez Ordorika eta Atxagarekin

Iaz 40 urte bete ziren gazte sortzaile batzuek Bilbon Pott banda sortu zutela. Gabriel Aresti euskaltegiak ere, bere 40. urteurrena ospatzen ari den ikasturte honetan, ekimen garaikide hura ekarri nahi izan du bere kultura ekarpenen ziklora. Horretarako, Pott-en sorreran eta gero euskal kulturaren emarian berebiziko rola izan duten bi lagun ekarri genituen atzo Kafe Antzokira, Pott-en sorreraz, Bilbon eta, oro har, Euskal Herrian orduan zegoen kultura giroaz, ondorengo bilakaeraz eta beste bainbat kontuz jardun zuten Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak.

Bilbo Hiriak herrietatik etorritako gazte euskaldun haiei eskaini zien gizarte berria ezagutzea, irakurleria berria aurkitzea… Eragile indartsuak izan ziren Pott-en sorrerarako. Besteak beste, euskaldun berriekin topo egiteak beraientzat izan zuen garrantzia nabarmendu zuten atzoko hitzaldian, eta zer nolako indar berritzailea izan zuten euskara ikasitakoek euskalduntasun berria eremu urbanoan garatzeko. Gabriel Aresti idazlearen figura ere ekarri zuen gogora Atxagak, gazte haien “espiritu zaintzailea” izan zela esanez.

Kafe Antzokia ikaslez eta ikuslez beterik, bandaren sorrera nolakoa izan zen kontatu zuten bien artean, hitzak, pasadizo ugari eta Ruperrek gitarrak lagunduta kantatu zituen abestiak tartekatuta. Eli Carrascosak eta Eneko Olazabalek gidatutako ekitaldian zinezko plazera eta ohorea izan zen euskal letren eta musikaren bi erraldoi hauek gertutik solasean ikusi ahal izatea. Ainhoa Larrabek BERRIAn idatzitako kronikan eta Maria Ortegak Bilbo Hiria irratian egindako elkarrizketan aurkituko ditugu solasaldi honen inguruko xehetasun gehiago.

, , , ,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude