Go to Top

“Euskaltzaletasuna eta Feminismoa” ikastaroa Kafe Antzokian

Urtarrilean hasita, bost saioko ikastaroa antolatu dute elkarlanean UEUk, Gabriel Aresti Euskaltegiak, Bilboko Kafe Antzokiak eta Jakin aldizkariak, Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu goiburupean. Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanez jardungo du ikastaroak, eta, bakarka nahiz solasaldian, zazpi hizlariri egingo die lekua, urtarriletik maiatzera, Bilboko Kafe Antzokian: Idurre Eskisabel Larrañaga, Lorea Agirre Dorronsoro, Saioa Iraola Urkiola, Jaime Altuna Ramirez, Aizpea Otaegi Mitxelena, Itziar Gandarias Goikoetxea eta Amelia Barquín Lópezi.

Hilabetearen hondarreko astelehenetan egingo dira saioak, 19:00etatik aurrera. Izena emateko epea zabalik da UEUren gunean. Jakinen zein Kafe Antzokiaren atarien bidez ere eskainiko da horretarako zubia. Saio bakoitzerako sartzea 10 € kostatuko da baina saio guztietarako izena emanez gero 30€ izango da (ikasleak, langabeak, erretiratuak eta UEUkideak: 15€).

Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla.

Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak.

Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzatzen diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen digun mahai gainean jartzea da ”Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu” ikastaroaren helburua.

Norbere ertzetik: hizlari eta ikasleak
Hizlari bakoitzak ertz jakin batetik landuko du gaia, elkarren osagarri. Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, eta bertan, Idurre Eskisabel Larrañaga kazetari eta EHUko irakasleak eta Lorea Agirre Dorronsoro kazetari eta Jakineko zuzendariak, ‘Euskaltzaletasuna eta Feminismoa, ahalduntzeko elkargunea’ hitzaldia eskainiko dute euskararen eta feminismoaren arteko harremanez, azpiratze eta aukeraz aritzeko.

Otsailaren 25ean hartuko diete lekukoa Jaime Altuna Ramirez soziologoak eta Aizpea Otaegi Mitxelena Elhuyarreko kideak. Maila teorikoa eta praktikoa uztartzeaz gain, hizkuntzaren eta generoaren arteko loturez jardungo dute solasaldian, norbere esperientziatik eta lan-esparruetatik.

Euskal Herriko Bilgune Feministako Saioa Iraola Urkiolaren txanda izango da martxoaren 25ean, euskararen eta feminismoaren genealogia aztertzeko. Bien arteko hartu-emanaz eskainiko du hitzaldia. Ildo beretik joko du apirilaren 29an Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Bilboko feminista taldeetako esperientzia baliatuta.

Azkenik, Amelia Barquín López Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak hitzaldia eskaini du euskara ez-sexista nola erabili dezakegun azaltzeko. Adibidez beteko solasaldia eskainiko du Barquínek maiatzaren 27an. Gainera, azken saioa izaki, Ane Labaka Mayozek eta Bea Egizabal Ollokiegik ‘Erradikalak ginen’ bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute, ‘Erradikalak gara’ ikuskizunaren jarraipena.

Ikasleek ere izango dute hitza hartzeko aukera galdera eta iradokizunekin, partehartzea bultzatzea izango baita helburuetako bat. Horretaz gain, ikasleentzat berarientzat prestatutako materiala banatuko da.

Izen ematea zabalik
Ikastaro hau UEUk, Jakin Aldizkariak, Gabriel Aresti Euskaltegiak eta Bilboko Kafe Antzokiak elkarlanean antolatu dute, eta ordainpekoa izango da: 30 euro ordainduko ditu ikasleak ikastaro osoarengatik; saio bakarrera etorri nahi izanez gero, 10 euro ordaindu beharko ditu. Ohiko deskontuak eskainiko dira.

Izena zuzenean emateko lotura eta informazioa UEUren webgunean. Bestalde, www.jakin.eus atarian eta Kafe Antzokiaren agendan ere duzue informazio guztia.

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude