Go to Top

“Bilbon dabil Gabriel Aresti” liburua aurkeztuko dugu abenduan

Datozen egunotan aurkeztuko duguĀ  ekimena den Bilbon dabil Gabriel Aresti liburua. Karmelo Landa EHUko irakasleak idatzia eta BilbaoArten diseinatu eta maketatua, ERROA argitaletxeak argitaratu du, Bilboko Udalarekin lankidetzan. (Gabriel Aresti kultur elkartearen webgunetik ekarria).

Datozen aurkezpenak:

  • Abenduaren 2an, Bilboko Udaletxean, prentsaren aurreko aurkezpen instituzionala, Juan Mari Aburto Bilboko Udaleko Alkatearen eskutik. 17:30ean, udaletxeko Arabiar Aretoan. Sarrera prentsara murriztua.
  • Abenduaren 4an, Durangoko Azokan, 17:30ean, azokako Areto Nagusian. Sarrera murriztua (aldez aurretik izena eman behar da)
  • Abenduaren 16an, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan. Bilboko Plaza Barrian, Mikel Martinez aktorearen laguntzaz. Sarrera murriztua (aldez aurretik izena eman beharko da).

 

 

Liburu originala da hau, izan ere, bertan Bilboko kaleetatik ibilbidea egiten du Landak; Aresti bizi izandako, bere testuetan aipatutako edo jardundako lekuak ageri dira eta, horiekin, Bilbo sakon ezagutzeko gida bat osatu du egileak. Bilboko gatazka sozial, kultural eta linguistikoak ezagutzeko saiakera ere bada, gainera, liburu hau, bertan azaltzen baitira Arestik bizi izan zituen moduan, baina gai horiek egungo Bilbora ekartzen ditu liburuak, gaurkotuta, eta, beraz, oraingo Bilboren gida eta ispilua ere bada. Era berean, Euskal Herriaren beraren ispilu eta agertoki ere bada Bilbo, azken hamarkadatan bizi eta ezagutu dituen metamorfosi eta aldaketa sakonen ispilu, Euskal Herriaren egungo egoeraren isla eta ispilu.

Bilbo sakonean ezagutu nahi duenarentzat ez ezik, euskara ikasten ari denarentzat ere erabilgarria da “Bilbon dabil Gabriel Aresti”, liburuak audio material osagarria baitu Bilbo Hiria irratian egindako izen bereko saio sortan. Izan ere, bilbohiria.eus webgunean topatuko ditugu Karmelo Landa eta Xabier Monasterioren arteko elkarrizketak, tokiz toki ibilbideko gune bakoitzaren gaineko jakingarriekin. Gainera, bertan proposatzen diren ibilbideak gauzatu egingo dira datozen hilabeteetan antolatuko diren ibilaldi gidatuetan.

Idazlearen esanetan, proiektu honen helburua “Bilbok, Euskal Herrian kokatu eta bere nortasuna berraurkitu dezan lagungarri” izatea da, inor izatekotan Bilboko euskal idazle nagusia den Gabriel Arestiren eskutik. Bilbo badabil, eta Gabriel Aresti Bilbon bertan dabil gaur egun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude