Pandemia gorabehera, eta etorkizunari begira jarrita, talde-lanaren eta transmisioaren garrantzia nabarmendu ditu Zenbat Gara elkarteak, abenduaren 15ean, Kafe Antzokiaren urteurrenarekin bat eginez, antolatutako 25+1 ekitaldian. Datozen hilabeteotan kalean egin asmo dituen hainbat ekitaldiren abiapuntua izan zen ospakizuna.
Kalean egitekoa zen ekitaldia ez zuen baimendu udalak. Horregatik, ekitaldi xumeagoa egin behar izan zen, Kafe Antzokiaren goiko solairuan, edukiera murriztuta. Hasteko, Roberto Etxebarriak eta Idoia Markaidak soinu eta panderoarekin jarritako doinura, dantza saioa izan genuen; jarraian, Jon Basagurenek Izaki Gardenak taldearen kantu batzuk abestu zituen, gitarrak lagunduta; ondoren, Onintza Enbeita eta Unai Mendiburu aritu ziren bertsotan eta, amaitzeko, “sorpresa” musikala etorri zen, Josu eta Gariren eskutik.
25+1 urteko ibilbidea
Mikrofonoetan, Zenbat Garako kide gazteak eta ibilbide luzeagokoak tartekatu ziren jardunaldiaren arrazoiak, proiektuaren ibilbidea gogoratu eta etorkizunerako asmoak azaltzeko. Kafe Antzokiaren beraren hastapenak gogoratu zituzten, izan ere, 26 urte igaro dira jada, Zenbat Garako lagunok, “hiriaren erdigunean, Abandon, orduan hain sakabanaturik eta gutxietsirik geunden Bilboko euskaldunok, geure sentituko genuen espazio baten beharra ikusi eta abian jarri genuenetik”, azaldu zutenez.
Euskaltegi bateko lankideek jarri zuten abian Kafe Antzokia, euskaraz aritzeko aukera faltez jabetuta: “Geure egunerokotasunean ikusten genituen gabeziak eta guk geuk euskaldun moduan euskaraz bizitzeko genituen zailtasunak ikusita, talde handi bat erronka liluragarri bezain arduratsu bati heltzeko prest agertu ginen: Kafe Antzokia ametsa izatetik errealitate izaten hasi zen”. Edozein euskaldun identifikatzeko moduko “toki duin bat izan behar zen”, adin guztietarako programazioa izango zuena, euskal sortzaileen adierazpenak sustatzea zen beste helburu bat. Izan ere, kultur-bideek komunikazio esparru bat eraikitzen dute, erreferentzia sare bat. Horrela lortzen delakoan jende talde batek, euskaldunok kasu honetan, munduari begiratzeko kode bateratua sortzea. Hala nola, euskal kantari, idazle, antzerkilari, bertsolariā¦ zein bestek, bere sorkuntza-lana adierazteko espazioa izatea bilatu zen.
Zenbat Garako kideek azaldu zutenez, “hautu konsziente” batzuek markatu zuten Kafe Antzokiaren izaera hasieratik: Gune hori Abandon egotea, euskara eta euskaldunok erdigunean egotea, euskaratik abiatua, baina era berean, munduko hizkuntza eta kultura guztiei irekia izatea; lan harremanei dagokienez, kooperatibismoa, berdintasuna, eta etekinak (egotekotan) euskalgintzan berinbertitzea. Hala ere, gogoratu zutenez, 26 urteko ibilbidean “dena ez da laua izan, are gehiago, une latzak ere izan ditugu”. Bat edo beste gogoratze aldera, 2009an Kafe Antzokia itxi egin zuen Bilboko Udalak aforo kontuen harira, “eta Zenbat Garako kideok egindako ahaleginari esker, betiko itxi gabe eustea lortu genuen”, gogoratu zuten.
Euskarak kalea berreskuratu behar du
Pandemiak ere azkenaldion gogor jo gaituela gogoratu zuten hizlariek, izan ere, “komunikazio egoera biziak euskaraz sortzeko jendea biltzea izan da gure langintza, euskaltegian, Kafe Antzokian, konpartsanā¦ eta jendea biltzea zaila zaigun garai honetan, euskarak sufritu du, murriztuta egoteak ez dio onik egiten”, azaldu zuten. Pandemiak eragindako konfinamenduak eta buruz buruko harremanen galtzeak datu kezkagarriak utzi dizkigu euskararentzat, hainbat ikerketak egiaztatu dutenez: zentralitatea eta prestigioa galtzea, erabilera jaistea eta abar… “Horregatik uste dugu euskarak kalea eta kaleak euskara berreskuratu behar duela, eta, horretarako, datozen hilabeteotan ekitaldiak programatzeko asmoa daukagu, hilero-hilero, Done Bikendi aldean. Kalean, hain zuzen ere. Programazio askotarikoa, Bilboko euskaldun guztiontzako interesgarria eskaini nahi dugu, eta horretarako beste hainbat eragilerekin batera aritu nahi dugu elkarlanean. Gaur ez da posible izan, baina bihar bertan jarraituko dugu lanean egitasmo hori lehenbailehen gauzatzeko”, aurreratu zuten hizlariek.
Transmisioaren erronka
Kafe Antzokia sortu zenetik 26 urte igaro dira, eta bidean geratutako hainbat proiektukide izan zituzten gogoan hizlariek, tartean, Wilson, Josetxo, Emi, Apolo, Josune, Mieltxo, Aintzane, Iratxe eta beste batzuk. Denboraren poderioz, aspaldi proiektuan dabiltzan Zenbat Garakideak bertan heldu edo helduagoak bilakatu diren bezala, jakitun agertu ziren “atzetik datozen batzuek jarraitu beharko dutela” proiektuarekin. Erronka horretarako gakoa, ohartu zutenez “etengabeko transmisioa” izango da, “jende gaztea proiektuan integratu eta esperientziaz eta balioez jabeturik, etorkizunari aurre egiten laguntzea”. Horretarako, iaz EHZ festibaleko lagunek azaldu zuten bezala, “argi dugu ez dugula proiektua pertsonalizatu, gureganatu eta bahitu behar. Ez horixe: gure bultzadaz eta laguntzaz, baina belaunaldi bakoitzak berrasmatu beharko du bere euskalgintza, aurrera egingo badu”.
Transmisio hori egiteko prestutasuna azaldu zuten Zenbat Garako kideek, eta behar bezala eginez gero, “ondobidean, hemendik 25 urtera, ardurak hartuta eta ekimena bultzatzen egongo dira orain sartu berri diren gazte batzuk eta baita oraindik sartu ez diren batzuk ere. Gure asmoak, esperantzak, ez daitezela hitz hutsetan geratu, euskaraz bizitzeko eta biziarazteko prest gaude, gaudenon artean, bide hori egiteko prest, etorkizunari begira, eta gurekin bat egiteko prest den ororekin”.
Egunak erremate berezia izan zuen, gauean, Benito Lertxundiren kontzertuarekin, ospakizunaren bukaera eta datozen 26 urteotarako abiaburua.
Utzi erantzuna