Go to Top

“Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” liburuaren aurkezpena asteazkenean

Asteazkenean, martxoaren 16an, Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburuaren aurkezpena izango dugu 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian, Joanmari Larrarteren eskutik eta Zenbat Garak antolatutako +1 ekitaldi sortaren baitan. Asteazkenean, herri ekimenez sortutako beste proiektu bi gonbidaturik, euskal gizarte zibilak duen indarraz eta aukerez jardungo dute, Larrartek berak eta Ekhilur zein Labore ekimenetako ordezkariekin, Bilbo Hiria irratiko Ane Zabalak gidatutako solasaldian. Ordubeteko emanaldia izango da eta, ondoren, zizka-mizka batzuk tarteko, mahai bueltan elkarrekin solastatzeko aukera izango dugu.

1990ean sortu zen Euskaldunon Egunkaria, herri ekimenari esker, eta 2003an itxi zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Euskal Herrian askotan gertatu izan den bezala, Egunkaria-ren sorrera ere oso gatazkatsua izan zen, gizartetik eratutako Egunkaria Sortzen taldearen eta garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artean. Amaiera, berriz, guztiz bortitza: Guardia Zibilak itxi zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituzten.

Joan Mari Torrealdaik lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Sorreratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen-en, hasieratik izan zen Administrazio Kontseiluko kide –bertako lehendakari ere bai azken urteetan–, eta atxilotutakoen artean zegoen. Liburu honetan, hori dena kontatzen du, sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea. Bere bizipenetik abiatutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin osatu eta aberastua. Torrealdaik, tamalez, 2020ko uztailean utzi gintuen, artean liburua amaitu gabe, eta Larrartek bukatu zuen, ondoren, asteazkenean aurkeztuko dugun liburua.

Ostiralean ekimenak kalean
Kafe Antzokiaren 26. urteurrenarekin bat eginez, Zenbat Garatik 25+1 ekitaldia antolatu genuen eta, bertan, euskarak gure gizartean presentzia nabarmen galdu duen pandemiako garai uzkur eta murritzaren ostean, euskara eta kultura kalera ateratzeko hainbat ekitaldi antolatuko genuela iragarri genuen. Bada, aurten, +1 ekimena abian jarri dugu, hainbat ostiraletan gai baten inguruan, kalean ekimenak antolatzeko. Hala, asteon, asteazkeneko ekitaldiaz gain, ostiralean, Done Bikendi kalean, plaza-dantza saioa eta Bilbo Hiriaren zuzeneko irrati emankizuna egongo dira ostiral eguerdian.

 

 

,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude