Go to Top

Kafe Antzokiak 17 urte eta sasoi betean

Larunbatean 17 urte beteko ditu Kafe Antzokiak eta, urtero legez, ospakizun-ekitaldia izango dugu bertan iluntzean, lagun arteko giroan. Ondoren, gaueko 22:00etan, Anje Duhalderen kontzertuak segida emango dio jaiari.

Euskalgintzatik abiatutako proiektu honek 1995eko abenduaren 15ean ireki zituen ateak Bilbon, eta urteotan bere ekarpena arrakastaz egin du, euskaldunontzat eta euskarara hurbiltzen direnentzat topaleku ireki eta dinamikoa izanik. 2012an 260 ekitaldi programatu dira Bilboko Kafe Antzokian, eta 48 Ondarroakoan, ohi bezala denetarikoak: kontzertuak, hitzaldiak, liburu eta diskoen aurkezpenak, prentsaurrekoak, irakurraldiak, erakusketak, antzerki emanaldiak, film proiekzioak, bilkura eta mintegiak, bertso saio eta bazkariak, mahainguruak, ekitaldi pribatuak, ospakizunak eta talde otorduak… Gau-giroaz eta kanpoko hainbat artista interesgarriren emanaldiez gain.

Aurten ahalegin berezia egin dugu programazioan euskaldunontzako eta euskara ikasten ari direnentzako ekitaldi interesgarriak programatzeko. Hala, euskal taldeen kontzertuak, ikasleek eurek egindako antzezpenak, azokak, jai tematikoak eta bestelako ekimenak izan ditugu. Esaterako, zine-txokoa eta idazlearen txokoa, azkenaldion abiatutako dantza-kantagune arrakastatsua eta urrian Gabriel Aresti idazleari dedikatutako “Harako Gabriel Aresti hartaz” zikloa, atzo bertan izandako “Kafe Antzokiari gorazarre” saio gogoangarria ahaztu gabe…

Kurtso osoan Kafe Antzokiko musika eskola eta arte eszenikoen eskola izan ditugu, Kurkuluxetan elkartearen eskutik, eta Haur eta gazte musika eta antzerki topaketak izan ditugu udaberrian. Urte hasieran tailerrak antolatu ditugu gurean, hainbat jarduera-tailer euskaraz ikasteko aukera emanez, eta gabonetan sukaldaritza ikastaroa izan dugu.

Bestalde Zenbat Garak soziolinguistika gaiak hizpide izan dituzten hainbat hitzaldi antolatu ditu bertan urte honetan: Jose Angel Irigaray, Julen Arexolaleiba, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Joxemanuel Odriozola eta IƱaki Murua izan ditugu, nork bere esperientzia eta bere ikusmira azalduz. Hileroko atal finkoak diren Urbeltzen Dantza Ganbara eta Lagun Artean Kantari ere ez dira falta izan, hurrenez hurren Juan Antonio Urbeltz eta Anje Duhalde buru duten dantza eta kantagintza saio irekiak. Laburbilduta, euskaraz bizitzeko antolatutako ekimen erakargarriei esker, Kafe Antzokian hainbat une eta giro sortzen dira egun osoan zehar.

Bitartean, Zenbat Gara elkarteak, Bilbo Hiria irratiari babesa ematen jarraitzeaz gain, bestelako proiektu interesgarri batzuk bultzatzen jarraitu du; Ibaizabal Telebistarekin batera ekoiztutako “Euskara Jendea” dokumental sorta edo Erroa argitaletxea eta bere argitalpenak dira horren erakusgarri. Horiei gehitu beharko dizkiegu bidean diren eta 2013an etorriko diren beste batzuk ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude