Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza, Ibaizabal-Mendebalde eta Zenbat Gara elkarteak ekoizten ari diren dokumental sorta da. Egunotan trailerra ikusgai dago Durangoko azokan, Zenbat Gara elkartearen erakustokian, eta gaur webgunea sareratu dute euskarajendea.com helbidean, proiektuari buruzko jakingarri guztiekin.
Iraupen ertaineko sei atalek osatzen duten dibulgaziozko lan honekin publiko zabal bati aurkeztu nahi zaio euskararen eta bere herriaren historia. Euskara Jendea egitasmoak Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu eta ikusentzunezko esparruan zegoen hutsunea betetzera dator, lengoaia honek duen zabalpenerako dohaina baliatuz.
Dokumental sortan maila goreneko hizkuntzalariek, historialariek, arkeologoek, antropologoek eta kulturgileek parte hartu dute. Gainera, irudi eta musika landuak oso erakargarri egiten dute ekoizpena.
Mintzaira baten historia beren hiztunena da ezinbestez, edo, nahiago bada, hiztunen historia beren hizkuntzarena da. Euskarak, berez, ezin du deus egin; euskaldunek bakarrik moldatu, garatu, galdu, pobretu, aberastu, normalizatu… dezakete euskara. Horregatik, Euskal Herriaren historia azaldu nahi izatekotan, euskaraz mintzo den jendearena esplikatu behar da.
Asmo honetan iaz jarri zuten martxan Bilboko Ibaizabal Mendebalde Kultur elkarteak eta Zenbat Gara elkarteak Euskara Jendea ikus-entzunezko proiektua. Xamarrek 2006an Pamiela etxean karrikaratutako izen bereko liburuan oinarrituta, Euskara Jendea iraupen ertaineko sei dokumentalek osatutako seriea da.
Lan hau euskaldunon hiztun komunitatearen historiaren ildo nagusiak azaltzen saiatzen da. Historiaurretik abiatuta gaur egunera arte, euskaldunak herri, kultura eta hizkuntza askorekin bizi izan dira bere hizkuntza galdu gabe. Menderik mende haien eragina nabarmena jaso dute baina, hala ere, iraun egin dute hiztun komunitate moduan.
Historia hori kontatzeko, dokumentalek hamaika adituren parte hartze ezinbestekoa dute. Historialari, hizkuntzalari, arkeologo eta kulturgile ugarik eramaten gaituzte euskararen historiako bideetan barrena. Haiekin batera, Euskal Herriko zein atzerriko txoko eta kokapen esanguratsuen irudiak (orain arte inolako ekoizpenetan agertu gabeak batzuk), garai historiko bakoitza girotzeko dramatizazio txikiak, ilustrazio eta grafismo erakargarriak eta atal bakoitzerako egokitutako musika aurkituko dugu dibulgaziozko dokumental sorta honetan.
Euskara Jendea dokumental saila ezer bada, talde lana da. Lan talde nagusia Xamarrek, Mikel Arredondok, Hibai Castrok, Adur Larreak, Lutxo Egiak, Lon Fernandezek eta Maria Uriartek osatzen badute ere, kolaboratzaile sare zabala du inguruan.
Ibaizabal-Mendebalde elkartea euskarazko ikusentzunezko herritarrak bultzatzeko sortu zen Bilbon. Beste gauzen artean, Ibaizabal Telebista martxan jarri zuen interneten ibaizabaltb.com helbidean. Azken hilabeteetan, baina, indar guztia Euskara Jendea egitasmoan jarria du.
Zenbat Gara elkarteak Bilboko Kafe Antzokia du erreferentzia gune nagusi. Horretaz gain, hamaika kultur jarduera sustatu eta egiten ditu, gehienak Bizkaiko hiriburuan.
Sortan parte hartzen duten adituen zerrenda (alfabetikoki eta atalak zehaztu barik):
Joseba Agirreazkuenaga (historialaria); Amaia Aire (irakaslea eta kulturgilea); Peter Bakker (hizkuntzalaria); Belen Bengoetxea (arkeologoa); Jacques Blot (arkeologoa); Antonio Breschi (musikaria); Iñaki Camino (hizkuntzalaria); William Anthony Douglass (antropologoa); Miren Egaña Goya (hizkuntzalaria); Iratxe Esnaola (informatikaria eta .eus ekimenaren koordinatzailea); Diego Garate (arkeologoa); Joaquin Gorrotxategi (hizkuntzalaria); Jose Angel Irigaray (kulturgilea eta idazlea); Neskuts Izagirre (antropologoa); Jurgi Kintana (historialaria); Joseba Lakarra (hizkuntzalaria); Juan Jose Larrea (historialaria); Beñat Oihartzabal (hizkuntzalaria). Lourdes Otaegi (literatura irakaslea); Jon Sarasua (bertsolaria eta idazlea); Elena Torregarai (historialaria); Mertxe Urteaga (arkeologoa).
2013/10/12 - 09:36
[…] elkarlanean egin dugun dokumental sorta hau aurkeztu dugu prentsaren aurrean. Bere garaian aipatu genuenez, Euskara Jendea dokumental sortak, Xamarren izen bereko liburuan oinarriturik, hainbat jakingarri […]